Balmasedako irteera

Balmasedako irteera

Nahiz eta udan eta oporretako denboraldian egon, hamabost lagun bildu gara. Bilbotik Naiara, Koldo eta hirurok gatoz, behingoz Zorrotzan gaude besteok (Getxo eta Portugaletetik datozenak) heldu baino lehen, zorionik ez dugu jaso, baina merezi bai.

Zorrotzatik jada ezaguna dugun bidetik Alonsotegira goaz, hemendik errepidetik Sodupera eta jarraian Gueñesera, beti Kadagua erreka jarraituz. Gueñestik Zallara bide lasaitik patxadaz goaz, Zallako auzo polit batzuk ezagutzeko aukerarekin. Bolunburun gelditu gara, txiringitoan, musika karibearra entzuten txoripanak eta garagardoak dastatzeko aukera baliatu dugu poz-pozik.

Da2d guztiz kezkatuta, “nork mugituko gaitu hemendik” dio behin baino gehiagotan, baina ekipo alferra ez garela konturatu da “bagoaz” dioenean guztiok prest gaudela ikustean, baten batek itzuli egin behar du poltsa ahaztuta utzi duelako…

Aurrera jarraitu dugu Balmasedaraino, bero itzela dago eta hobeto jasaten da bizikleta gainean geldirik baino. Balmasedan nik Balmabizi dendara joan nahi dut, Aitor agurtzera, bera izan zen bizikleta saldu zidana. Justu momentu honetan indargetzailetik pieza bat atera zait, orain derrigortua Koldorekin Aitorrengana goaz, bizikletarena konponduta besteekin biltzen gara. Erdi Aroko zubiaren alboan bazkaldu dugu, gero Herriko Tabernara goaz kafea hartzera.

Beroa gero eta handiagoa, orain bai guztiok nagiak jota gaudela baina itzuli behar da eta ez gaude prest trena hartzeko… beraz martxan jarri gara ur-guda egin eta gero. Bolunburura heltzean gelditu gara bainu bat hartzeko, Naiarak argi dauka berak nahi duela, besteok ez hainbeste, baina behin geldituz gero guztiok aprobetxatu dugu freskatzeko piska batean… Zelako bainua!

Balmasedako irteera txirrindulariak

Balmasedako irteera txirrindulariak

Denbora luzea eman barik jarraitu dugu, iragarrita dagoen ekaitzak harrapa ez gaitzan. Haizearen kontra goaz, eskertzekoa da lan gogorrago egin behar den arren. Naiararen atzean goaz ilaran, gero txandaka erreleboa hartu diogu, ekipo on baten moduan. Arrapaladan goaz, Bilbokoak desbideratu behar garen punturaino. Datorren egunetarako dauden planak errepasatu eta gero, agurrak eta hurrengora arte!!

Eskerrik asko Begori kronikagatik eta Mireiari argazkiengatik, abuztuko egun hauetan gure taldeko hainbat txirrindulari barnetegi ibiltarian ditugu, Euskal Herriko aldapak eta bide lauak ezagutzen… ondo ibili, lagunak eta Zumaiako triatloian elkartuko gara berriro irailaren 7an.