Euskarak 365 egun

Euskarak 365 egun

365 egun bizitzeko, aldarrikatzeko, plazaratzeko, izateko, ospatzeko.

Abenduaren 3a hurbil dugu, 1949an Eusko Ikaskuntzaren ekimenez sortutako Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta abenduaren 3a ere bizitzeko, aldarrikatzeko, plazaratzeko, ospatzeko eguna izango da euskaltzaleontzako.

Urte osoan euskaraz bizi nahi dugunontzat eta euskaltzale garenon guztiontzat egun garrantzitsua da abenduaren 3a, geurea delako. Baina hurrengo egunak, asteak eta hilabeteak ere garrantzitsuak direla ez dugu ahazten, horiek ere geure-geureak ditugulako. Euskaltzaleak biltzen hasi ginela urte asko joan dira jadanik, eta herriz herri antolatuta gauden euskaltzaleok badakigu urte osoko ahaleginak ematen dituela bere fruituak. Euskarazko kulturgintza gozatzeko guneak sortu ditugu; euskaldunontzako harreman sareak ehuntzen dihardugu; sortu ditugun herri aldizkari eta hedabide ugariei esker, euskarazko informazio iturri hurbilak ditugu; aisialdi taldeen bidez haur eta gazteek aisialdia euskaraz gozatzeko guneak ditugu; era guztietako entitate eta erakundeetan euskaraz aritzeko eragile lana egiten dugu, eta; herriko euskal hiztunon komunitatea martxan jartzen dugu.

Euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahi ditugu eta horretarako euskaltzaleon ekarpena behar-beharrezkoa da: espazioak sortzen eta geureganatzen, harreman sareak ehuntzen, ardurak eskatzen eta hartzen, botereguneetan eta inguru hurbilenetan eragiten. Euskaldun bizi gara eta euskaltzale gara urte osoan, eta hori aldarrikatu nahi dugu, 365 egunetan.

Euskararen egunak kalean bizitzeko gonbitea da hau, euskarak eta euskaldunok kalea hartzeko gonbitea. Urte osoa euskararen egun bihurtzeko eta aldarrikatzeko deia da hau, plaza euskaraz betetzeko deia. Biltzeko eta eragiteko proposamena da hau, GEU IZATEKO EUSKARAREN HERRIAN.

Euskaltzaleen Topagunea (gure eskualdean: Berbots, Bizarra Lepoan, Uk, Ukberri eta Egizu)

NOIZNAHI, NONAHI

Gonbite bat, eskari bat: goian dituzun karteletako bat aukeratu eta inprimatu. Euskal Herrian zabaldu diren 50.000 karteletako bat izango duzu, “Euskarak 365 egun” lemarekin euskaltzaleok herriz herri biltzen ditugun euskara elkarte eta euskaltzaleen topaguneek martxan jarritako ekimenaren karteletako bat.

Mezua zabaltzen laguntzea proposatu nahi dizugu, nahi duzun lekuan itsatsi eta euskaltzaleok urte osoan euskaldun bizitzeko dugun nahia eta gogoa hedatzen laguntzea. eta non pegatu daiteke, bada? Nahi duzun lekuan, ikusteko moduan egongo den lekuren batean:
– etxeko atarian
– balkoian edo etxeko leihoren batean
– denda, taberna edo kafetegiren batean
– eskolan, osasun etxean, kultur etxean edo udal bulegoan
– gaztetxean, gazte lokal edo klubetan
– bulegoan edo lantokian
– kalean

Auzoa, herria, eskualdea, Euskal Herria kartelez eta mezuz josi nahi dugu eta denon artean bizkor egin dezakegu. Nonahi, noiznahi, euskararen herrian. Eskerrik asko aldez aurretik eta zorionak!

Hemen ere pdf-ak deskargatzeko moduan:

365 zuria: geu izateko euskararen herrian
365 urdina: nonahi, noiznahi
365 urdina: geu izateko euskararen herrian
365 morea: geu izateko euskararen herrian
365 laranja: nonahi, noiznahi
365 gorrria: geu izateko euskararen herrian
365 berdea: nonahi, noiznahi
365 zuria: nonahi, noiznahi