Juanra Muela dugu egur-taila irakasle EGIZUn. Berari galdera pare bat egitea pentsatu dugu, denok apur bat hobeto ezagutzeko nor den eta ze lan egiten duen gure egur-taila taldean.

egurtaila1

1) Aurkeztu zeure burua lerro batzuetan.

Batzuetan artea bezain euskorra, bestetan lizarra bezain malgua.

Noizbaitetan intxaurrondoa bezain goxoa, bestetan akazia bezain latza.
Gaur, gaztaina bezain berbatia; bihar, berriz, ezpela bezain isila.

Goizez pagoa bezain zintzoa, gauez hagina bezain bihurria… eta ondino zutunik iraun.

2) Nola hasi zinen egurra lantzen? Eta zergatik?

Etxean ama kontalari aparta zan eta istorio horien artean, beti kontatzen euskun gure herenaititek Bilboko Areatzako ezki erraldoia landatu ebala. Pasadizo horrek zugatzarekiko amodio neurtezina piztu eban nigan betiko.
Geroxeago, nere kabuz mendian aurkitutako adaxka guztiei formak lantzen eta leuntzen hasi nintzan. Handik gutxira nire buruak zuraren inguruan bira eta bira egiten eban; zurgintza, zur lanketa, eskultura, eskulangintza, eta abar.
Gaur egun egurraren munduan murgilduta jarraitzen dot alde batetik zur lanketa ikastaroekaz, eta, bestetik, tailerrean egindako lanagaz.

3) Egizuren taldearen irakaslea zara. Zelako esperientzia izaten ari da?

Talde oso jatorra alkartu gara, ikasleen ardurak zeharo pozten nau eta gustura izaten gara, ziztu bizian pasatzen dira orduak.
Nik beti esaten dodan moduan “ikasleengandik jasotzen dodana neuk emoten dodana baino aberasgarriagoa da”. Beste alde batettik esan gura dot Egizu alkartea egiten ari dan lana aipagarria dala, euskera ardatza moduan nagusitzen hainbat arlotan .

Hemen duzue Juanraren webgunea kuxkuxeatzeko aukera! (www.urbela.com)