P1180624_content

Martxoaren 26an, EGIZU Getxo Euskaldun elkartearen eskutik Erdaldun Berriaren Kluba bakarrizketa ikusteko aukera izango dugu. Goizean bi saio izango ditugu, lehenengoa 9:00etan eta bigarrena 11:00etan. Goizeko bi saio hauek Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango dira eta arratsaldeko saio bakarra 17:30ean izango da, azkenengo hau Areetan dagoen Elkartegian. Saioak Euskaltegietako ikasle eta berbalagun proiektuko parte-hartzaileentzat bideratuta egongo dira, dena den, saioak herritarrentzat irekiak izango dira.

Erdaldun berrien klubaren protagonista Irantzu da; euskaraz pentsatzen, euskaraz sentitzen eta, ahal duen guztietan, euskaraz diharduen neska eskoriatzar bat. Horrek hamaika arazo sortuko dizkio egunerokotasunean eta bizipen horien kontaketak osatzen du antzezlanaren hari nagusia. Antzezlanaren aurkezpenean Olatz Pagaldayk azaldu bezala, “euskaraz bizi garenok erdaldun berriak gara, gazteleraz hitz egiterakoan esan beharrekoak pentsatu eta askotan hitzak faltan baititugu”. Horregatik, euskaldunontzat antzezlana “terapeutikoa” izango delakoan dago. Idoia Etxeberria oñatiarrak idatzi du gidoia eta Olatz Pagalday eskoriatzarra arduratuko da obra hau oholtzaz oholtza eramateaz, publikoarengan euskararen erabileraren inguruko gogoeta bultzatu gura du ‘Erdaldun berrien klubak’.

Saio guztiak doakoak izango dira.

Informazio gehiagorako egizugetxo@gmail.com emailera mezu bat bidali edo 619935541 telefono zenbakira deitu.