Mus jokoaren antzera, oraingo bizikleta-irteeran, handitik txikira egin genuen jauzi. Hasieran ez dakit zenbat joango ginela, eta gero eguraldiak, egun-aldaketak (oraingoan, igandean egin dugu), euri-arriskuak, gaixotasunak eta abar luze batek eraginda inoizko hogeiko tropeletik seiko taldera igaro ginen. Baina, hala ere, tinko eta aurrera. Geure amamak esaten zuen moduan: “aurrera bai, atzera ez”.
Eta abiatu ginen seiok. Tarteka zerura begira, baina atera ginen, Portugaletetik atera ere. Bizkaia zubia, Erdiko kalea, Carlos VII, bidegorria. Asfalto gorriz egindako bidetik joan ginen kontu kontari El Casaleraino (San Fuentes-Gallarta), eta handik kilometro batera edo San Pedro auzora desbideratu ginen, bidegorria utzita. Gure artzainak ederto aukeratutako zidorretik sartu ginen: aldapan gora, aldapan behera, Kardeo auzoraino, eta handik La Arena hondartzaraino.
Han, ikuspegi ederraz gozatu ondoren (a zelako olatuak ziren!), berogarriren bat hartzea erabaki genuen. Bizikletak giltzarrapoz lotu, eta taberna barrura: tortila-pintxoak (tortila baino gehiago lasaña ziruditen, a ze itxura ederra!), kafeak, kakao-edariak, mentak… Eta hori guztia kristalera handi baten atzetik, itsasora begira (inbiria e!). Hondartzan, ibiltariak, txakurrak eta hotz‑gabeko bat ere egon ziren (azken hau uretara sartu zen; a zelako hotzikara!). “E! aizue! Mugitu beharko dugu ba!” esan eta, abian jarri ginen ostera ere.
Chanel 5 kolonia sufreduna egiten duten lantegia inguratu (Petronor, alegia), Muskizera heldu eta geure artzainak taldearentzat ohikoa ez zen bide batetik sartu gintuen. Gero Santelices industrialdera igo (enebadatxue!) aldapan gora eta gora (gora ta gora Eustakio), eta azkenean, Borja auzora heldu ginen, Gallartako bidegorria eta bide berdea elkartzen diren lekura. Ur‑tragoren bat hartu, eta, ostera ere, martxan: Borja auzoa-El Sobaco tunela-Los Castaños auzoa-La Balastera auzoa-Santa Juliana-Gallarta. Eta zer gertatu eta… shiiiiiiiiiiiiiiiiiiii. Pufffff. Gurpil bi zulatuta. Albaroren bizikletako gurpil biak aldi berean zulatu ziren, harrigarria, baina egia, benetan! Zorionez, Gallartako apeaderoaren ondoan gertatu zen ezbeharra, eta konponbide erraza: trena hartu eta etxera. Hurrengora arte, Albaro!
Gainerako bostok, El Casal-Nocedal (aupa Naiara! Zutaz gogoratu ginen zure auzotik igarotzean)-Urioste-geralekua (eskuinaldetik gatozenok eta Bilbotik datozenak elkartzeko lekua, bidegorriko zubi berria). Agur, Bilboko eta Barakaldoko lagunak, URTE BARRIGON!! Eta Getxora itzuli behar genuen biok aurrera, Algortarantz. Baina Portugaleteko alde zaharrera helduta, Maddi bere bihotzeko azukre koxkorraren bila joan zen (egun horretan, Patxi hizlari egon zen Portugaleteko Kross lasterketan). Eta lerro hauek idatzi dituena, bakar‑bakarrik, berriro ere zerura begira, badaezpadaere, Portugaleteko zubia zeharkatu, eta Areeta, bidegorria, Fadura, Algorta.
Eta horrela bazan, ez bazan, sar nazatela kalabazan egizutarren enparantzan! Kitto. URTE BERRI ON txirrindulariok!!
Leave A Comment