Hezkuntzako aurrematrikulazio-kanpaina hastear dela aprobetxatuta (otsailaren 2tik 13ra), Getxoko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, Paula Kasares soziolinguista, teknikaria eta irakaslea gonbidatu zuen joan den urtarrilaren 20an bi hitzaldi eman zitzan: bata Algortako Villamonte kultur etxean, guraso euskaldunentzat (Zuek duzue giltza) eta bestea Areetako Elkartegian, euskaraz ez dakiten gurasoentzat (Entra un idioma en casa). Hemen dituzue guraso euskaldunekin egindako hitzaldian jaso genituen ideia batzuk:
Zuek duzue giltza. Gurasoen eragina haurren hizkuntza-portaeretan
– Hitzaldi hau ez genuke planteatuko gure egoera soziolinguistikoa bestelakoa, normalizatua, balitz. Gurea normalizatu gabeko hizkuntza da, eta horregatik euskaraz (ere) bizitzea erabakitzen dugunok badakigu zenbat buruhauste eta poz dakartzan hautu horrek. Hizkuntza bat baino gehiago dugu, denak ez daude egoera berean, eta aukeratu dugun hizkuntza hori hizkuntza gutxitua da, minorizatua. LogroƱon edo Zaragozan, elebakarrak izanda, ez dute arazo hori, ez dakite zer den kezka hori. Baina horrekin batera esan behar da munduan gurearen moduko egoerak direla arruntenak: komunitate elebidun eta eleanitzetan bizi da jendea, eta ez komunitate elebakarretan. Eleaniztasuna da munduan arau nagusia, eta elebakartasuna, berriz, salbuespena. 7.000 hizkuntza ditugu planetan, 200 estatutan banatuta. Alde horretatik, Murtzia da exotikoa, eta ez Euskal Herria.
– Getxoko egungo umeak etorkizuneko euskaldun eleanitzak izango dira, hala nahi dugu, eta hala izan dadin zerbait egin beharko dugu gurasook. Euskaraz egingo dute euskaraz egitea hautatzen badute, hizkuntza bat baino gehiago jakinda, izango dutelako zein aukeratu. Gure kezka da umeek hizkuntzak jakitea, baina horien artean euskara ere egonda, eta, ahal bada, euskara izan dadila euren lehen hizkuntza. Motxilaren metafora erabilita, umeek hainbat motxila eramango dituzte bizitzan zehar (euskararena, gaztelaniarena, ingelesarena…) baina guk nahi dugu euskararen motxila sendo eramatea bizkarrean, ondo jarrita, ez edozein modutan, eta eroso senti daitezela, ez dezatela galdetu: zergatik daramat motxila hau? Zertarako daramat? Eta ez izateko gogorik motxila hori eransteko. Beraz, gurasoon galdera bat izan beharko da: zerekin bete nahi dugu motxila hori? Bakarrik eskolako edukiekin ala bizipen hurbil, atsegin eta gozagarriekin ere?
– “Nik badut egiteko bat”, esan behar diogu geure buruari, ez delagatu dena eskolan. Eskolak ez du dena konponduko, ez da nahikoa umea 2 urterekin D ereduan sartu eta handik 12 urtera jasotzea. Eskolak ahal duena egingo du, baina ez du dena. Guk uste baino garrantzi txikiagoa du eskolak: umearen esna-denboarren %15-20 baino ez du betetzen. Guk badugu ardura handi bat, lan handi bat eskolatik kanpo ere: gainerako %80-85arena, hain zuzen ere. Euskaldun bihurtzeko, umeak aukera nahikoa behar du ikasi, jaso eta erabiltzeko.
– Hizkuntzaren erabilera informala, batez ere, eskolatik kanpo ikasiko dute: nola adierazi sentimenduak (amorrua, etsipena, poza, haserrea, etab.), ipuinak, txisteak, istorioak, jolasak, kantak… Eta horretan geuk asko lagundu ahal diegu: baliabideak eta ereduak eskainita.
– Zergatik kezkatu gure umeen hizkuntza-portaerekin? Haien bizitza baldintzatuko duelako: segurtasun pertsonala, gizarte-harremanak, kultura-identitatea… puntu horiekin lotuta oso garrantzitsua izango da hizkuntza haien bizitzetan.
– 3 faktorek eragiten diote umeen hizkuntza-erabilerari: familia, eskola eta gizartea. Zer egin etxean? Motibatu (atxikimendua sustatu), jarrera (pro)aktiboa hartu (eta ez ahaztu jarrera ez dagoela lotuta gaitasunarekin: nahiz eta gurasoek euskara gutxi jakin, edo ez jakin, oso jarrera ona eta aldekoa badu, gauza asko lor ditzakete), guraso berritsua izan (umeari gauzak galdetu, kontatu, azaldu, eskatu, interesa piztu eta agertu) eta umeak euskararekin duen harremana zaindu (erabiltzeko aukerak bilatu, sortu eta eman, batez ere eskolatik kanpo), materialak eta baliabideak bilatu, lortu eta eskaini (ikusentzunezkoak, aisialdia, kultura, kirola…).
– Ez ahaztu harreman horizontalen garrantzia: urtetan pentsatu izan bada ere harreman bertikalek zutela garrantzirik handiena hizkuntzaren transmisioan, orain badakigu guraso-ume edo irakasle-ume harremanak bezain inportanteak direla ume-ume harremanak. Beraz, ume euskaldunak bilatu beharko ditugu parkean, familian, auzoan, herrian, oporretan… haiekin egoteko.
– Gurasoek aukera baliatu hizkuntza-ohiturak aldatzeko, aprobetxatu (beste) ume bat agertu dela familian, katalizatzaile bezala erabiltzeko (antzekoak egin ditzakegu erretzeari uzteko, kirola egiten hasteko, elikadura zaintzeko, etab.): gurasoen artean hizkuntza-ohituren aldaketak adostu, aldaketa aurreikusi, estrategia diseinatu eta aurrera egin, baina pixkanaka-pixkanaka, errealistak izanda. Hasi ahal gara umearen aurrean gaudenean, edo afarian, edo… irla komunikatiboak sortu, horiek blindatzen joan, eta horietara ohitu zaretenean, beste bat sortu, etab.
– Euskara etxekotu: etxeko giroan euskara ohikoa izatea (telebista, Internet, irratia, musika, jolasak, liburuak…). Familiaren bizitzan tokia egin euskarari.
– Euskarari inguru hurbilean eta harremanetan lekua egin: a) euskararen bidez bizipen gozagarriak eta erakargarriak bizitzeko aukerak eman eta b) eskolaz kanpoko jardueretan parte hartu.
– Gauza txikiak baina garrantzitsuak dira: euskara egunerokoan erabiltzea (erosketen zerrendan, oharretan, erantzungailuan, erosten dugun prentsa…).
– Bizipenak, erreferenteak, balioak: ez badira zaintzen, beste hizkuntza batean nagusitzen dira.
– Euskara bihurtu konplizitaterako elementu, gurasoen eta umeen arteko harremana eraikitzeko.
Zuek zer edo zer gehioago nabarmenduko zenukete?
Eskerrik asko Paulari eta Euskara Zerbitzuko lagunei aukeragatik!
Leave A Comment