Norberak esaten duenaren preso omen da. Ahaztuko dutelakoan edo momentua inoiz helduko ez delakoan, uda aurreko bizikleteroekin egin nuen azken txangoan, uda ostean parte hartuko nuen hurrengo txangoaren kronika nire kontura izango zela esan nuen… eta gaur baten batek gogoratu du…
Eta hemen naukazue, zintzo-zintzo, bere momentuan isilik egoteko aukera ezin hobe hura galdu nuelako zigorra betetzen.
Eguraldia lagun izan ez dugunez, bizikletekin maitemindutako hamar kide besterik ez du izan tropelak, eguneko santuari aipamen egitearren.
Izenak elkarri esan ostean, planak aldatzen hasi gara, euria ekarriko zuelako mehatxua serioa ematen zuen eta; ondorioz, Santurtzirantz biderik laburrenetik abiatu gara eta handik Zierbenera.
Punta Luceroko aldapa igotzen hasi baino lehen, zalantza momentu bat izan dugu, euria gogortuko ote zen beldur. Nork ez dakit baina, baten batek “ea goazen gora” esate hutsarekin batera, gorakoa hasi dugu.
Goian, ohiko argazkiak egin ostean, eztabaida txikia sortu da ea Kupidoren gezia nondik nora joana zen: Muskizera ala Zierbenera.
Bide erosoena hartu dugu: Zierbenerakoa. Igo dugun bide beretik egin dugu behera.
Euri asko egin ez bazuen ere, etengabea aritu da eta bustitzen hasiak ginenez, etxerako bidea hartzea erabaki dugu, Portugaleten derrigorrezkoa den pintxo eta salda hartu ostean.
Elkarri agurtu diogu, bereziki Euskal Herritik kanpora doan kideari, laster tropelean berriro izango dugulakoaren esperantzan, hontz bakoitzak bere adarrera egin dugu.
Eskerrik asko Iñaki kronikagileari eta David argazkigileari, mundialak zarete!
Leave A Comment