Berbatxangoa: Kontsumo arduratsua eta agroekologia Uribe Kostan

Berbatxangoa: Kontsumo arduratsua eta agroekologia Uribe Kostan

Apirilaren 26an hurrengo Berbatxangoa izango dugu eta kontsumo arduratsua eta agroekologiaren gaia jorratuko dugu bertan. Gabi Basañez eta Gotzon Kamiruaga abeltzainek euren esperientziaren berri emango digute, oilo, ahuntz eta txerriekin lan egiten ari dira. Lander Labajoren ortura joango gara gero, bera barazki-ekoizlea da eta kontsumo-talde bat du martxan. Beraiekin kontsumo-taldeez eta salmenta zuzenaren garrantziaz ere berba egingo dugu.

Kontsumo arduratsua eta agroekologia Uribe Kostan

Azkenik sOrtuak proiektuko ortuetara egingo dugu bisita, Getxoko Moreagan. Bertan bi taldek funtzionatzen dute modu autogestionatuan, euskaraz eta ekologikoan produzitzen dutenak.

Gaian interesa baduzu, animatu eta eman izena. Bus txikian egingo dugu buelta osoa, Erandiotik hasita Sopelara.

Busa non eta noiz:
Erandio 9:30 (Gasolinoa)
Algorta 9:45 (Telletxeko markesina)
Sopela 10:00 (Elizako markesina)

Bisita-gidatua (10:30-14:00): eskualdeko baserritar eta ekoizleen esperientziak bisitatu, kontsumo-taldeen gaia jorratu eta sOrtuak ortu ekologiko eta autogestionatuak ezagutuko ditugu

Prezioa: 5€ helduek (busa eta mokadua) umeak doan
Leku mugatuak, eman izena lehenbailehen!

Aldez aurretik izena eman herriko euskara-elkartean: Erandio (berbots@gmail.com / 630 404 170), Sopela (aitxuizuba@gmail.com / 603 894 364), Getxo (egizugetxo@gmail.com / 644 277 155)

Berbatxangoak Erandioko Berbots, Sopelako Aitxu eta Getxoko Egizu elkarteen artean antolatzen ditugu, eskualdeko ondarea, euskara eta euskal kultura sustatzeko.

sOrtuak: ortu ekologikoak euskaraz

sOrtuak: ortu ekologikoak euskaraz

Hemen behean sOrtuak proiektuaren zein kontsumo-taldearen berri duzue, parte hartu nahi izanez gero ateak zabalik daude.

Kontsumo-taldea
Kontsumitzaileok zuzenean erosten dizkiegu baserritarrei euren produktu ekologikoak, bitartekaririk gabe eta baldintza duinetan. Hilean birritan saskiak jasotzen ditugu hainbat produkturekin, 3 hilabeteko proba egin nahi duzu?

sOrtuak
Ortu ekologiko euskaldun eta autogestionatuak Getxon; nekazaritza, elikadura, harremanak eta hizkuntza bizi!
Parte hartu gura baduzu, jarri gurekin harremanetan: 644 277 155 / egizugetxo@gmail.com

Hurrengo berbatxangoa maiatzaren 17an izango da, “Itsasadarretik industria-bidaia” egingo dugu Euskal Herria itsasontzian.