Irakurri, gozatu eta oparitu

Irakurri, gozatu eta oparitu

Aurtengo IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoa, amaitzear da. Bihar, ekainak 30, izango da harturiko liburuak itzuli eta erosketa-txekeak eskuratzeko azken eguna, etxean oraindik baduzue libururen fitxaren bat bete gabe, badakizue, bihar liburutegira joan eta txekea eskuratu. Liburu dendan erosketa egiteko, aldiz, uztailaren 11ra arte izango duzue astia.

Maiatzean Aintzane Ezpeletak jaso zuen 30€ko txekea, ekaineko parte hartzaileen artean ere txekea zozketatzea tokatuko zaigu aste honen amaieran, ea norentzat den!

Gure lehen urtea izan da IGO proiektuan (nahiz eta Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatzan hau antolatzen Euskal Herriko hainbat herritan) eta laster jakingo dugu zenbatek parte hartu duzuen eta ea honekin euskarazko irakurzaletasunari bultzada eman diogun. Proiektua hobetzeko zuen ekarpenak eta iritziak jaso gura genituzke, uztaileko lehen asteetan balorazioa egingo dugu herri guztietako lagunen artean.

Eskerrik asko esan beharko diegu Getxoko liburutegietako lagunei, eta baita Algortako Elkar, Areetako Bolibar-Elordui eta Romoko Gobelaurre liburudendetako lagunei ere; zuen konpromiso eta gogorik gabe ezinezkoa baita honelako proiektuak aurrera egitea.