Atzoko solasaldia garaiz hasi arren denbora izan zen gure “handicap”ik handiena. Jakoba Errekondo gurera etorri zen Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan egindako ikasturte honetako lehenengo solasaldira. 42 lagun inguru bildu ginen Villamonte Kultur Etxeko gelarik txikienean eta, penaz, 3 lagun kanpoan geratu ziren belu etorri eta lekurik ez zegoelako.
Oso gustura egon ginen “Bizi baratza” ortu-zaleon entziklopedia berriaz berba egiten. Jakobak liburua nola erabiltzeko gako batzuk eskaini zizkigun eta baita hainbat trikimailu gurekin konpartitu ere. Lehen esan bezala, denbora etsai izan genuen eta galdera-erronda egiten geundenean, bakoitzak bere ortuan topatutako zailtasunei aurre egiteko erantzun bila geundenean hain zuzen ere, Kultur Etxeko atezaina etorri zen aretoa utzi behar genuela esatera. Pena solasaldia ohikoa dugun meriendatxoagaz bukatu ezin izana.
Jendea gogotsu lotu zen, beraz kaxoian gordeko dugu Jakoba berriro gonbidatzeko aukera, primeran egon baikinen.
Eskerrik asko, Jakoba!! Eta eskerrik asko ere etorri zineten guztiei 🙂
Leave A Comment