Atzoko egunean Gasteizen aurtengo Berbalagun kanpaina aurkeztu genuen. Bertan Euskaltzaleon Topaguneko eta Gasteizko euskara elkarteko ordezkariak egon ziren. Betiko moduan, aurkezpen honen bidez kanpainari hasiera eman genion eta herrian zabaltzen hasiko gara. Baietz aurten Getxon 200 berbalagun baino gehiago elkartu!!!
Berbalagun proiektua zertan datzan ez dakizuenei hemen azalpentxo labur bat:
Zer da berbalaguna?:
Euskaraz berba egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzen dituen programa da.
Zertarako?: euskara hobetzeko, bide horretan laguntzeko, gehiagotan erabiltzeko, euskaraz bizitzeko, normalizazioaren alde egiteko, …
Nola?
Ohiko jarduera: talde txikietan, astean behin, ordubetez. Paseoan, kafetegian, parkean,… Ohiko hiztunak eta mintzapraktika egin nahi dutenak nahastuta, beste mintza-taldeekin koordinatuta.
Ekintza osagarriak: herriko beste berbalagun taldeekin irteerak, afariak, zaletasun taldeak, beste herrietakoekin, mintzalagunen egunean.
Parte hartzeko baldintza: euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izan behar da.
… eta Gurasolaguna?
Ikastetxeko gurasoak beste gurasoekin biltzen dituen mintzalagunaren aldaera da. Haurrak direla eta, euren ordutegi edo zaintza beharretara egokituta dago.
Kanpaina martxan dago baina izen emate epea urrian hasiko da!!! Beraz urriaren batean egizugetxo@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz, 619 935 541 telefono zenbakira deituz, gure bulegora etorrita (Martikoena 16, 2-3, 48992 Getxo (Alango)) edo aurten atera ditugun diptikoak posta arruntaz bidaliz, izena eman al izango duzue.
Eta gogoratu, aurtengo izen emate kanpainaren helburua, euskarari ekarpena egiteko kontzientzia duten hiztun onak mintzalagun egitasmoetara erakartzea dela. “Praktikatu behar dutenei laguntzeko”.
Anima zaitez eta izena eman berbalagunean!!! Ez zaizue damutuko!!! Jende berria ezagutu eta euskara hobetu edo erabiltzeko aukera paregabea da!!!
Aurtengo kanpainaren bideoa:
Eta hemen Euskaltzaleen Topagunearen berria:
Mintzalagunek “zurekin” hitz egin nahi dute
Gaur aurkeztu ditugu 2015-2016 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoak Euskaltzaleen Topaguneak eta GEU euskaltzaleen elkarteak.
Aurtengo izen emate kanpainaren helburua da, euskarari ekarpena egiteko kontzientzia duten hiztun onak mintzalagun egitasmoetara erakartzea. “Praktikatu behar dutenei laguntzeko”, Manuel Moreno Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak prentsaurrekoan aipatu duenez.
GEU euskaltzaleen elkarteko Zuriñe Etxeberriak azaldu duenez, mintzalagunek bi helburu nagusi betetzen dituzte egitasmoetan: “batetik, beren hizkuntza gaitasuna hobetzen dute, hizketarako jariotasuna lortu eta lotsa galtzen dutelarik; eta bestetik, inguruko euskaltzaleei euskaraz bizitzen laguntzen diete, euskararen aldeko ekarpena eginez”. Guztia, astean ordubeteko ahaleginarekin.
Izan ere, Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin elkartzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta ia Euskal Herri osora hedatu dira. Parte hartzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez batzeko konpromisoa hartzea dira.
Aurreko ikasturtean 6.000 mintzalagun baino gehiago elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Izen emateak gora egiten du urterik urte, eta hastear dagoen ikasturtean kopurua handitzeko bidean daude Mintzapraktika egitasmoak.
Gaurko izen emate kanpainaren aurkezpenean Manuel Moreno eta Zuriñe Etxeberriarekin batera Lurdes Lekuona Gasteizko mintzalagunak eta Garoa Santocildes Gorbeialdeko mintzalagunak ere hartu dute parte.
Mintzalagunek prentsaurrekoan adierazi dute berbalagun taldean aisialdiaz euskaraz gozatzen dutela, eta horrela, lagun giro euskalduna osatzen dutela. Egitasmoen azken helburua, hizketarako aukera emateaz gain, kideek beren egunerokoan euskaraz aritzeko saltoa ematea da.
Guztira, 22 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, baina Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko deia Euskal Herri osora hedatu nahi u deialdiak. Ondoko herrietan zabalduko da:
Arabako Errioxa, Arabako Mendialdea, Aretxabaleta, Arrasate, Baztan/Bortziri/ Malerreka, Bergara, Deba, Donostia, Elgoibar, Eskoriatza, Gasteiz, Getxo, Gorbeialdea, Hondarribia, Iruñerria, Lasarte, Lizarraldea, Oñati, Ordizia, Orereta, Soraluze, Tolosa.
Prentsaurreko amaieran, Manuel Morenok, mintzalagun egitasmoan parte hartzeko deia luzatu die euskaltzale guztiei, praktikatuz, hizkuntza gaitasunak hobetu eta euskal hiztunak ugaritzen laguntzeko.
Izena emateko beharrezko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota mintzalaguna.eus webgunean aurki daiteke.
Leave A Comment