IV. “ArgIHIzkiak” literatura-lehiaketaren ERAKUSKETA, LEIOAN

INAUGURAZIOA eta SARI-BANAKETA: URRIAREN 1EAN, 19:00ETAN, KULTUR LEIOAN

“ArgiHizkiak” literatura-lehiaketako 10 argazkiak eta horietan oinarritutako euskarazko testu labur onenak batzen dituen erakusketa urriaren 1etik 18ra arte bisitatu ahalko da Kultur Leioako erakusketa-aretoan (Leioa).

Erakusketa bisitatzeko ordutegia: astegunetan, 10:00 – 20:00; jaiegunetan, 11:00 – 14:00 eta 17:00-20:00.

Urriaren 1ean, eguena, erakusketaren INAUGURAZIOA eta SARI-BANAKETA ekitaldia eta prentsaurreko laburtxo bat egingo da 19:00etan Kultur Leioan (Jose Ramon Aketxe plaza, 11).

Argiaren eta berori oinarri duten Teknologien nazioarteko urtea izendatu du 2015a NBEk; han eta hemen hamaika ekimen eta ekitaldi antolatu(ko) dira horren harira aurten. Horixe, beste aitzakia -bat baino ez, beste behin ArgIHIzkiak lehiaketa-erakusketa antolatzeko. Izan ere, beren-beregi, bat egiten du-eta argazkietan oinarritutako testu laburren lehiaketa honen arimagaz: ‘Fotografia’ edo ‘argazki’ berbek “argiarekin marraztea edo idaztea” dute jatorrizko esangura. Horrenbestez, zuen begiradek argien eta hizkien hizkuntzekin jolastea proposatzen dizuegu. Hala, irudien eta hizkien hizkuntzetan oinarrituta, ArgIHIZkiak literatur lehiaketa antolatu genuen apiril-maitzean; eta orain horren emaitza ikusarazteko ordua heldu da: proposatutako 10 argazkiak eta horietan oinarritutako euskarazko testu labur onenak batzen dituen ArgIHIzkiak 2015 erakusketa prest dugu.

LEHIAKETA

Egizu Getxo Euskaldun elkarteak eta HIRUKA komunikazio-taldeak, Uribe Kostako hainbat udal (Leioa, Berango, Getxo; eta Makomunitatea) eta zenbait elkarterekin (Berbots, Bizarra Lepoan, Aitxu!, Leioako berbalagunak) elkarlanean antolatzen dugu argIHIzkiak.

Literatur ekimenaren helburu orokorrak hurrengoak dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea.

Laugarren ekitaldi honetarako euren argazkiak helarazi dizkiguten Uribe Kostako (edo bertan bizi diren) argazkilari profesionalak edo zaleak hauek izan dira: David Herranz Esteban, Marisol Ramirez Fernandez, Luis Jauregialtzo, Ines Bermejo Larrañaga, Patricia Merino, Ivan Viña Alvarez, Sonia Aoujil, Nerea Falagan Martin, Marta Iraurgi Mendoza eta Itsaso Bartolome Yarza.

Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izan du; bi kategoria hauetan: bata, testu labur-laburra (160 karaktere gehienez) eta, bestea, laburra (100 hitz gehienez). Testuak euskara batuan edo edozein euskalkitan egon zitezkeen idatzita, eta argazkietako batean egon behar zuten oinarrituta. Edozein testu mota, hau da, prosa, olerkia, bertsoa, haikua eta abar onartu da. Testuak bidaltzeko, parte-hartzaileek sms-a, whatsapp-a edo posta elektronikoa erabili dute.

PARTE-HARTZEA

Aurten inoiz baino testu (224) eta parte-hartzaile (184) gehiago izan ditugu. Denera, 31 herritako parte-hartzaileak izan dira, berbarako: Abadiño, Amorebieta, Atarrabia, Ataun, Azpeitia, Bakio, Barakaldo, Belauntza, Bergara, Bilbo (eta Deustua), Donostia, Durango, Fruiz, Gasteiz, Gatika, Leitza, Markina, Mungia, Oiartzun, Oñati, Usurbil… eta Venezuelakoak ere bai!

Benetan poztu gara Bizkaitik jasotakoen artean gure eskualdekoak asko izan direlako: Uribe Kostatik 166 testu jaso ditugu, eta 138 parte-hartzaile uribekostarrak izan dira.

Aipamen berezia merezi dute Uribe Kosta BHIko ikasleek; izan ere, Plentziako institutuko 100 lagunek 108 testu helarazi dituzte-eta; institutuan bertan barne lehiaketa antolatzeaz gainera.

Horiez gainera, Getxo (32 testu), Sopela (9 testu), Leioa (4 testu), Erandio (3 testu), Gorliz (3 testu), Urduliz (3 testu), Berango (testu 2) eta Lemoizetik (testu 2) ere heldu dira idatziak.

Parte-hartzaileen batez besteko adina 36 urtekoa izan da (gazteenak 17 urtekoak izan dira, eta 63 urteko “gazte” bat ere izan dugu).

Testu gehienak labur-laburrak izan dira (%56) eta testu gehien jaso duen argazkia Marisol Ramirezen izan da.

Testuen artean, denetarik egon da: gehienak prosa, baina baita bertsoak, olerkiak eta haikuak ere.

Testuak helarazteko bitarteko erabiliena posta elektronikoa izan da, eta oso gutxik aukeratu dituzte bestelakoak (7 whasApp, 4 sms).

EPAIMAHAIA ETA SARIDUNAK:

Testu horiek guztiak Janire Enzunza eta Ageda Galarraga euskal filologoek osatutako epaimahaiak aztertu eta baloratu ostean, 20 testurik onenak (10 labur-labur / 10 labur) aukeratu zituzten argazkien ondoan erakusketa honetan egoteko. Horrez gainera, horietatik kategoria bakoitzeko irabazle bana izan da eta 200€ jasoko ditu.

Epaileek Testu Laburrik onenatzat jo dute Mikel Illarregi Elberdinek (Leitza, 1959) egindakoa, eta testu labur-laburren arteko onena Alba Garcia Portelarena (Bilbo, 1988) izan da epaileen arabera. Hemen sarittutako guztien zerrenda:

LL: labur-laburra modalitatea / L: laburra modalitatea
Letra lodiz: 2 testurik onenak (sari nagusiak)

David Herranzen argazkia: Ander Herranz (LL) / Mikel Illarregi (L)
Inés Bermejoren argazkia: Mirentxu Larrañaga (LL) / Egoitz Arruti (L)
Itsaso Bartoloméren argazkia: Alex de Isusi (LL) / Lorea Madina (L)
Ivan Viñaren argazkia: Leonardo Anisimov (LL) / Olatz Sanchez (L)
Luis Jauregialtzoren argazkia: Miren Kareaga (LL) / Uxue Telleria (L)
Marisol Ramirezen argazkia: Alba Garcia (LL) / Eider Bereziartua (L)
Marta Iraurgiren argazkia: Olatz Sebal (LL) / Idoia Carramiñana (L)
Nerea Falaganen argazkia: Iñigo Bidetxea (LL) / Oier Pastor (L)
Patricia Merinoren argazkia: Iraia Aced (LL) / Jon Jauregi (L)
Sonia Aoujilen argazkia: Paul Liz Fuldain (LL) / Rebeca Solaetxe (L)

Erakusketa ipiniko den DATAK ETA LEKUAK:

LEIOAN Urriaren 1etik 18ra, Kultur Leioako erakusketa-aretoan.
GETXON Azaroaren 16tik abenduaren 13ra, Villamonteko Kultur Etxean (Algorta).
BERANGON Abenduaren 15etik urtarrilaren 10era, Berangoeta kultur etxean.
Eta Uribe Kostako beste herrietan ere bai (datak zehazte bidean).

Argazkiak eta testuak Interneten ere agertuko dira urriaren 1ean: www.argihizkiak.com

Informazio gehiago: argi.hizkiak@gmail.com posta elektronikoan edo 685 732 963 telefono zenbakian.

Eskerrik asko, Egizu Getxo euskaldun elkartea eta HIRUKA komunikazio-taldea.

Argazkiak

David Herranz

David Herranz

Ines Bermejo

Ines Bermejo

Itsaso Bartolome

Itsaso Bartolome

Ivan Viña

Ivan Viña

Luis Jauregialtzo

Luis Jauregialtzo

Marisol Ramirez

Marisol Ramirez

Marta Iraurgui

Marta Iraurgui

Nerea Falagan

Nerea Falagan

Patricia Merino

Patricia Merino

Sonia Aoujil

Sonia Aoujil