Euskararen eguna, euskaldunon eguna, euskaldun bihurtzen gaituenaren eguna.
Egun hori abenduaren 3a izan zen eta datorren urtean berriro izango da. Osteguna izan zen egun horretan, esnatu eta lanerako bidean, ez nuen ezer berezirik sumatu, beste ostegun bat izango balitz bezala.
Bulegora heldu berri, sare-sozialetan “klik” egin eta egun berezia zela argi geratu zitzaidan. Facebook-eko horma guztietan lemak, argazkiak, aldarrikapenak,… ikusi nituen, baina batean, esaldi kritiko bat irakurri nuen… “Euskal Herrian egun guztiak dira Euskararen eguna” eta arrazoia ez zaio falta.
Hori dela eta orain dela bi urte eta aurtengoa 3.urtea izanda, Egizuk eta Bizarra Lepoan euskara elkarteek kanpaina berri baten alde egitea pentsatu genuen, EUAKARAK 365 EGUN, kanpaina hain zuzen ere. Lehenengo urtean lema berezia iruditu zitzaigun eta herrian zehar leku guztietan ikusi genuen, kartel, pegatina eta pankarta formatuetan. Bigarren eta hirugarren urteetan, lema gurea egin dugu eta zuek zeuena egin duzue eta horrek argi usten du euskararen eguna egun guztiak direla eta ahalegina egin behar dugu hori horrela izan dadin.
Beraz, aurtengo abenduaren 3an San Nikolas Plazan, ume, gazte, heldu eta zahar argi utzi genuen bezala, euskararen eguna 365 goiz eta gau gure bihotz eta ahoetan eraman behar dugu. Eta Facebook-ean irakurri nuen ahots kritiko horri, arrazoia falta ez zaiola esaten diodan bezala, euskaldunoi egunak ospatzea gustatzen zaigula esan behar diot eta urte askotan eguna ospatzea espero dugula baita ere.
Bukatzeko, mila esker bertaratu zineten guztioi eta mila besarkada eta musu gozo egunerokotasunean Euskal Herria euskalduna egiten duzuen guztioi, segi horrela.
Argazkiak: V.Bengoarenak dira. Mila esker.
Leave A Comment