Iratzargailua dinbili danbala. Pertsiana altxatu eta egun zoragarria datorrela ematen du. Abenduan gaude? Denbora galdu gabe, “Roca” laguna bisitatu eta Maddirekin batera gosari eder batek gurekin bat egiten du.
Bederatzietarako Fadurarantz abiatu gara. Fiuu! Eskerrak eskularru pare bat jarri dudala! Bai, bai, abendua da. Beti bezala eta zintzo zintzo Edorta badago elkargunean. Berarekin, Anjel eta geroago Iñaki, Algortakoa, eta Itxaso agertu dira. Eta Niko? Irundarra etortzeko zegoen. Faduran ala Bilbon? Tabernan ez, telefonotik ezta ere… Martxan jarri eta haize hotzarekin batera, Bizkaiko zubira heldu gara. Abendua da. Hantxe daude Aitor eta Da2d, gure artzaina.
Hamarretan, bilbotarrekin bidegorrian. Nahiz eta sinistu ez, denbora soberan dugu, asike, bizikletak hartu eta bidea luzatu egin dugu. Gema, Bego, Gari, Izaskun, Nai eta… Niko! Agertu da! Musuak, besarkadak, irrifarreak, aspaldikoak… tropela osatu da eta abian da bidegorritik Ortuella aldera. Haize hotzak jotzen du. Zein hilabetetan gaude? Galdameseko bide berde osoa itzalean dago. Arindu martxa. Jelatzen ari naiz. Lehenengo tunela pasa, eguzkia behar dut. Eskerrak eskularru pare bat jarri dudala. Bigarren tunela pasa eta… eguzkia! Hogeitamarren bat kilometro egin ditugu jada. Omenaldi txiki bat merezi dugu. Sugandilak bezala, eguzkipean, kafesnetxo bero-bero batek tortilarekin batera aurpegia alaitu eta animoa altxatzen digu. Momentua da solasean egoteko. Begok txuleatzen du bere pepino-smartphone berriarekin… Eta berandu egiten ari zaigunez Umaran gainera abiatzen gara.
Txiri-txiri hasi gara igotzen eta lehenengo ezustekoa; Anjeli katea apurtu zaio, ezin konpondu eta telefonoz deituta, bere semea etorriko da beraren bila. Hurrengora arte, Anjel! Umara gainera heldu eta Da2dek, gure artzain zintzoa, bueltatuko da. Koadrilarekin bazkaria du… Ezin da horren bizitza soziala petatua izan… Eskerrik asko Da2d. Nork hartuko du artzainaren lekukoa? Hortxe dago prest gure Edorta. Eta horrela, bi kilometrotako jaitsieraz gozatu ondoren, bagaude Gueñesen. A! Haize hotzak jarraitzen du eta… eskerrak eskularru pare bat ekarri dudala! Kadagua ibaiaren ondotik gozatzen goazela, gure Itxasoren atzeko gurpilak galtzen du. Garik dio hori normala dela, atzekoak galdu eta aurrekoak, beti irabazi. Ja! Listillo! Maddi eta biok berarekin geratu ginen eta bonba ziztrin batekin hala-hola zertxobait puztu eta aurrera egin genuen. Hortxe dago tropela gure zain. Gurpila oso baxu berriro, baina “MakiNiko”-k bere superpuzgailuarekin arazoa konpondu zuen. Itxasok badu meritua, hainbat kilometro gurpil horrekin… Alonsotegira heldu eta, aiba! Niko eta Itxaso? Gurutze baten despistatu eta beste bide bat hartu dute. Erreskate operazioa montatu eta dida batean berriro artaldearekin daude. Eguzkiak zertxobait gehiago berotzen du baina ez pentsa… Abendua da.
Norbera bere kabira joateko ordua eta lekua heldu da. Zorrotza. Musuak, ondo segiak, Zorionak eta Urte Berri Onak… Batzuk Bilborantz eta besteak Algortarantz. Tontamentean hirurogeitamabi kilometro jan ditugu. Egun ederra pasa dugu lagunekin eta euskararekin. Mila esker zuei bizitza honi euskal-irrifar bat jartzeagatik bizikleta gainean.
A! Eskularruak kendu ditut jada, nahiz eta abendua izan.
Argazkien albumak hemen:
https://www.flickr.com/photos/egizu/albums/72157662345582406
https://www.flickr.com/photos/egizu/sets/72157662332546726
———————————–
Eskerrik asko Patxi zure kronikagatik, argazkiak egin dituzuenoi ere eskerrik asko, eta artzain lanetan ibiltzen zaretenontzat ere eskerrik asko! Urtarrilaren 16an Uribe Kostan irteera eta bazkaria izango dugu Azebarrin. Oso ondo pasa egun hauetan 🙂
Leave A Comment