Joan den urtarrilaren 16an bizikleta- eta kontsumo-taldeko kideok bazkari-ekologikoa antolatu genuen Azebarri Kultura Elkartean, kontsumo-taldeko Sonia, Iñigo eta Maluk (gure ekoizleetako batzuk) sukalde kontuak zuzendu zituzten, pintxe lan-talde saiatua ere hor ibili ginen, jo ta ke!
Bitartean txirrindula gainean taldea ibili zen, kostaldeko ibilbidea egiten. Egun ederra, aspaldiko partez jende askorekin elkartu ginen, 35 lagun egon ginen mahaiaren bueltan. Eta dastatu ahal izan genituen Areatzako tipulak eta ziazerbak, Getxoko Tosuko kalabaza zaporetsuak, Gorbeiako txahal-okela, Maluk egindako ogi eta euskal pastela, Muskizko ardi-gazta… mmmm bazkari ederra eta konpainia ezinhobea!
Eskerrik asko denoi inplikazioagatik, ea ohitura bihurtzen dugun urte hasierako bazkari hau. Udaberrian bisita egingo diogu ekoizleetako bati, interesa baduzue Egizuko kontsumo-taldean parte hartzeko, jakin dezazuen, hilean birritan Sonia Ingunza baserritarrak saskiak ekartzen dizkigula Aldai patronatura, barazkiak, arrautzak, esnekiak, ogia, okela, marmeladak, odolosteak… gertukoa eta ekologikoa, zuzenean produktoreari erosia, eta euskaraz, jakina!
Leave A Comment