Madrilgo autobusean noa. Begiak itxi, erdi lo…
Bip, bip, bip. Iratzargailua amatatu, sakelekoa piztu eta taldeko mezuak ikusita txangoa bertan behera geratuko dela dirudi.
Leihoa zabaldu eta euririk ez. Ezta ezkerraldean ere, Dabidek esanda, eta Bilboko jendearen arabera han ere ez.
Orduan zer? Norbait animatuko? Badirudi aldaperoen taldean behintzat zazpi zoro d(g)audela eta eguraldi txarrak ez digula bizikletarako gogoa kenduko.
Portun batu gara: aspaldiko!, zelan? Musuak eta bagoaz. Guztiok ezagunak, guztiak lagunak. Ibilbidea Dabiden esku. Berdin digu nora joan.
Bidegorritik Gallartara, eta gero Trapagara. Bidegurutzean, orain nora? Hobe kafea eta pintxoa hartzean erabakitzea. Indarrak berreskuratu ondoren taldeko argazkia eta oraindik ez dakigu nora jo.
Etxera? Dabidek Argalariora doala dio erdi txantxetan. Maria pozik eta besteak… buf, pentsatzeak ere nekatzen nau baina tira, talde bat gara eta bagoaz!!
Txiri-txiri aldapan gora. Sei kilometro direla diote. Ikusiko dugu. Motibazio joku horiek ezagutzen ditut…
Momentuz euririk ez eta “kapa” guztiak soberan ditugu. Zelako beroa! Izerditan blai… Alvarok eta Gemak aldapa gora ere berbetan jarraitu dezakete!!
Atzetik, Gari eta biok aspaldi isildu gara… Hodei potolo eta ilunak ikusten ditugu goian… ai ama, tontorrean aterperik ez… Euri-tantak hasi dira…
Goian taldea batu, argazkiak, fruitu lehor batzuk Gemari esker eta bagoaz. Aldapan behera, di-da batean Megaparkera heldu gara.
Agurtzeko ordua heldu da. Musuak, goraintziak, ostegunean Biziz-Biziren partez gosaria doan dagoela komentatu digu Gemak eta bakoitza bere herrira. Euria berriro hasi da.
Maria, Maddi eta hiruruk “kalufa” ematen heltzen gara Sestaora. Maria agurtu eta bagoaz Portura. Zubia Areetatik ateratzen ikusten dugu. Harrapatuko dugu? Maddi motorra piztu duela dirudi!! Nola esan dezake sasoian ez dagoela?!?!? Etxerako bidean hurrengo txangoaz pentsatzen noa jada.
Zelako “bizioa” dudan Egizukoekin…
“Parada de veinte minutos en Lerma”. Bapatean esnatu naiz.
Ze kortxo? Dena amets goxo bat izan da?
Autobusetik jaistean sentitzen ditudan agujetek atzokoa errealitate goxoa izan dela konfirmatzen didate eta aurpegian irribarre bat nabaritzen zait 🙂
Argazkien albuma: https://www.flickr.com/photos/egizu/sets/72157672930973090/
Eskerrik asko, Mireia, kronika ederragatik!
Leave A Comment