2016ko abenduaren 3an, zapatua, Euskararen nazioarteko egunean Sopuertara egindako bizikleta txangoaren kronika duzue hau:
Ibilbidea: https://www.bikemap.net/es/rou te/3790452-egizu-sopuerta/
Abenduaren 3ko ibilbidearen kronika: Sopuerta
Ezagutu berri nuen taldearekin aterako nintzen abenduko ibilbidean, eta gogotsu sentitzen nintzen. Negua ez da, berez, Euskal Herrian bizikletaz ibiltzeko aro egokiena, hala ere, asteburuko eguraldia ederra zen eta inguruko txirrindulari gehienok aukera behar bezala aprobetxatu genuen!
Goizeko 8:30ean Sopelatik abiatu nintzen lehenengo topagunean (Fadura, 9etan) “kide batzuekin” elkartzeko…, egia esan berri-berria nintzenez ez nuen inor ezagutzen eta nik ez neukan argi nor azalduko zen. Mungiako Angel agertu zen, eta hurrengo topagunerantz atera orduko, Maddi eta Patxi agertu ziren. Bizkaiko zubia hartu baino lehen beste kide batekin elkartu ginen, eta beste aldean gehiagorekin. Tropel itxura hartzen ari ginen!
Eguna hotza zen, baina zerua garbi-garbi zegoen. Mugiarazteko gonbidatzen duen horietako bat.
Egia esan, Faduran bizikleta-talde honetan esperientzia gehien duen jendearekin elkartu nintzenetik, taldeari jarraitzera mugatu nintzen. Horrela, Muskizerako bidegorriaren bidegurutzera 9:50ean iritsi ginen eta han ez zegoen inor. ¿? Gaizki-ulertu bat dela eta han geunden Zorrotzako topagunean egon beharrean! Teknologia berri hauek… Davidi segidan deitu eta Zorrotzara, denbora gehiago galdu barik!
Urteak itsasadarraren ezker aldea ikusiz beste aldetik, eta ezagutu ez. Egia da ingurua aldatu dela, eta Sestaotik Zorrotzara egin genuen bidea, ez zela bideragarria beste garai batean, baina sentsazio polita eta berezia zen niretzat, berton ibiltzea eta beste aldetiko ikuspuntua izatea.
Zorrotzan gainontzekoak gure zain zeuden, 40 minutuko atzerapena… jendea agurtu bezain pronto Kadagua ibaia jarraitu genuen. Tartean giro polita: jendea solasean, ni bezalako batzuk jendea ezagutzen eta ingurua ez guztiz ezezaguna niretzat, baina ezohikoa bai, hori bai.
Davidek tropela gidatzen zuen, baita erritmoa markatu ere. Geldialdi batzuk eginez, taldea elkartzen zen, eta aukera genuen guztion egoeraz jabetzeko. Mendate bat igo ondoren merezitutako geldialdia egin genuen taberna batean. Eguerdiko 12ak aldera izango ziren, eguzki atsegina, eta orduan hasi nintzen oinak bero sentitzen… Jarraian bide lasaiago eta ederragoak hartzeko aukera izan genuen eta hizketan eta hizketan, konturatu orduko Zugaztieta geneukan geure aurrean. Bi aukera bueltatzeko: Muskizera joan eta bidean bidegorria hartu, edo igo eta jaitsi. Bi kidek izan ezik, guztiok igotzea erabaki genuen. Gu gora eta zaldidunak behera…, horrelakoa da bizitza! Eremu ederra benetan, aspaldiko partez nik ez bisitatua.
14.30 inguruan bidegorriko bidegurutzean geunden berriro (5 ordu beranduago) eta banandu ginen: gutxi gora behera erdia Bilbora eta beste erdia Getxo aldera.
Ni 15:30ean heldu nintzen etxera. Udako bizikleta bidaia egin ondoren (Helsinki – Yerevan), eta urriko “Bilbo-Areeta bidegorria” aldarrikatzeko martxa kenduta (Biziz Bizi), nire neguko lehenengo txangoa: 7 ordu eta 76km. Sentsazio oso onak eta guztiz pozik talde honetan parte hartzeko aukera izateagatik, niretzat bi ezaugarri garrantzitsuak batzen baititu: euskara eta bizikleta.
Xabi A. A.
Eskerrik asko, Xabiri eta argazkiak bidali dizkiguzuenoi, ederra giroa! Urtarrilaren 14an bizikleta-irteera eta otsailaren 4an Uribe Kostan irteera eta horren ostean bazkaria antolatzen ari gara, adi ibili eta egongo gara!
Leave A Comment