Mintza Egunak Nafarroatik Bizkaira egin du salto aurten eta Atarrabiari Deriok hartu dio lekukoa. Jadanik ari dira saltsan Txorierriko Berbalaguna eta Totoan, bertoko euskara elkarteen federazioa.

Ekainaren 3an Derio izango da Euskal Herriko mintzalagun, mintzakide, berbalagunon Topagune. Lagunartean euskaraz hitz egin eta ondo pasatzeko sekulako plana ari dira prestatzen:  Hamaiketakoa, triki-dantza poteoa, bisita gidatua, kalejira, bazkaria… Maiatzaren 29a baino lehen eman behar da izena, www.mintzalaguna.eus atarian, edo zuen herriko dinamizatzailearen bidez.

Taberna ibiltaria

Aurtengo berrikuntza tentagarriena da, bazkalostean kantuan eginaz giroa gori-gori jartzeko! Euskarazko kanta oso ezagunak dira abestuko ditugunak, betikoak, ziur asko gehienak jakingo dituzue. Kantutegia www.mintzalaguna.eus atarian jarri dugu eskura, bertatik jaitsi ahal dezazuen… eta ekainaren 3an Taberna ibiltarian, taldean abesteko zuen gustukoena aukeratu dezazuen!

Era berean jakin bazkalostean,  Taberna ibiltariarekin batera, umeentzako puzgarriak ere izango direla.