Irailaren 8an ikasturteko lehenengo bizikleta-irteera antolatu zuen gure taldeak eta ohitura denez kide berriari kronika egiteko lana eman zioten gure lagunek 🙂
Behean duzue Edortak egindako kronika ederra! Eskerrik asko!
Gauza guztietarako lehenengo aldi bat omen dago eta pasaden asteburuan Gontzal eta estreinaldia izan zen Egizuren bizikleta taldearekin. Mireia, Anjel, Maddi eta laurok Faduran elkartu ginen, ondoren Bizkaia zubian Gontzal ere batu zen. Eskuinaldeko tropelak eta Bilbokoak Portugaleten egin zuten bat. Eguraldi ona eta gure arteko giroa oso familiarra zen. Pedalei ekin genien. Portugaleteko bidegorritik, lasaitxu baten, elkar ezagutzen eta udako historioak elkarri kontatzen eman genuen (ai uda…non geratu ote da?) bidea Ortuellaraino. Handik bidegorria atzean utzi eta autoekin bidea parketatzen tipi-tapa Meatzaritza museoraino. Garai batean burdinak egiten zuen bide berdina egin genuen, baina kontrako norantzan: Neguriko jauregietatik, meategiraino.
Bodoballeko meategia Euskal Herriko punturik sakonena omen da baina gu ez ginen hondorantza abitu gaillurrerantz baizik. Aldapa gero eta gogorragoa zen, baina hankak gogortu ahala bistak hobeak ziren eta gure Bizkaia maitearen zati handi (eta asfaltatuta) bat ikusteko aukera genuen.
Errepidea utzi eta basoko pista batetik jarraitu genuen. Hemen zailtasuna nabarmen igo zen baina Huntzaren megahit-en antzera, “aldapan gora, pausotik pausora” Norbera bere erritmoan, baina denok onik eta umoretsu goian elkartu ginen, jadanik Zugaztietatik hurbil. Mokadutxo bat hartu (taberna baten faltan, alforjetan generaman dana, barraskiloen modura) eta igotzen jarraitu genuen.
Bidetik aintzinako garbitokian ur botilak bete genituen, hango burdinak lagunduko zigulakoan… Berriro ere txirrinduletan gora, oraingo honetan beste abesti bat zetorkigun burura “gora eta gora beti, ai gora Mendibil…euskarak bizi gaitu eta bizi bedi” Uste baino lehenago gailurrean geunden, antena erraldoipean. Toki aproposa hamaiketakoa (eguneko bigarrena) egiteko eta aspaldiko bizikleta taldekideak topatzeko.
Behi (euskaldun) baten orroak hamaiketakoa bukatutzat jo zuen, eta ziztu bizian Barakaldoantz abiatu ginen, hasiera batean pistatik eta ondoren erepidetik, BEC-en agertzeko. Berriro ere burdinaren aspaldiko bideari ekin genion, Zugaztietatik Bizkaia Labe Garaietara. Handik Bilbotarrak agurtu eta eskuinaldekook Portugaleterantz jarraitu genuen. Gure artean behin baino gehiagotan ezkerraldeko bidegorria goraipatu genuen eta hurrengo irteerarako taberna baten geldialdiaren beharra nabarmendu genuen, taldea “kohesionatzeko”… Funtsean, oso esperientzia polita eta interesgarria eta hurrengoetan zalantza barik hartuko dut parte, bai horixe! Aupa Egizu! Gora bizikletada!
Leave A Comment