Aurreko asteburuan Egizuko 109 kide (familia, ume, nerabe, lagun, etab) Somportera joan ginen iraupen eski eta erraketak egitera.

Arratsaldeko 19:00etan Faduratik irten ginen Jakarako bidean (batzuk besteak baino urduriago), Liedenan bokata jateko geldiunea egin eta gaueko 23:30ak aldera ,azkenean, Jakara heldu ginen.

Hurrengo goizean (gutxi lo egin eta gero) gogotsu abiatu ginen Somportera. Egun eguzkitsu eta beroa izan zen larunbata 🙂 Eskiak eta forfaita jaso, motxilak utzi eta eski ikastaroetara joan ginen. Iker, Miren, Nahia, Irene eta Ane gure zain zeuden. Beroketak egin eta eskiatzera!

Erraketako taldeko kideek, Patxi Lasa gidari zutelarik, Candanchura joan etorria egin zuten.

Ikastaroak amaitu eta gero jan, deskantsatu, eguzkitan jarri eta 16:30ak aldera Jakara bueltatu ginen.

Dutxatu, arropa aldatu eta Jakako kaleetatik trikipoteoa egitera joan ginen.

Giroa berotu eta gero hotelera joan ginen afaldu eta hurrengo egunerako indarrak hartzeko.

Igande goizean gosaldu eta maleta egin eta gero, berriro ere Somportera joan ginen. Gaurkoan eguraldia kaxkarragoa izan zen, baina hala eta guztiz ere, Egizuko kideak eskiatzera animatu ziren.

 

Erraketa taldeak berriro ere Candachura joan etorri egin zuen 😉

16:00ak aldera jan eta deskantsatu ostean autobusean sartu eta Algortara bueltatu ginen.

Asko gozatu dugu asteburu honetan, eskerrak eman nahi dizkiogu parte hartzera animatu diren pertsona guztiei! Onenak zarete!