Ostiral arratsaldean Fadurako aparkalekuan bildu ginen bizikleta-asteburuari hasiera emateko.

Bizikletak furgonetan kargatuak genituelarik, Lekunberrirantzako bidea hartu genuen 35 kidek.

Lekunberriko aterpetxera heldu ginen 20:00ak pasatxo . Bertan genuen esperoan Iñigo, aterpetxeko langilea guri ongi etorria egiteko.
Logeletan lo sakua eta motxilak utzi eta aterpetxeko suaren inguruan bildu ginen kanpoan egiten zuen hotzaz babesteko 😉
Afaldu ostean, hortzak garbitu eta lotara joateko ordua iritsi zela konturatu ginen, hurrengo egunerako indarrak beharko baikenituen!

Goizeko 09:00etan bildu ginen bizikleta zaleok gosaltzeko!
Kafesnea, ogi xerrak, mermelada…denetarik zuen gure Iñigok eta baten batek eskatutako tomatea ere jan genuen.

Indarrak kargatuak genituelarik, bizikleten bila abiatu ginen. Azken uneko ukituak; gurpilak puztu, bizikleten martxak eta kaskoak ondo kokatuak genituelarik…talde argazkia ateratzeko unea heldu zen 😉

 

Bizikleta-asteburu honetan Plazaolako bide berdean zehar ibili gara familiak. Gurekin asteburu pasa baita ere bizikleta taldeko kide batzuk etorri dira eta haiek Iruñarantzako bidea hartzea erabaki zuten.

Dena prest genuelarik. Lekunberritik, Leitzarako bidea hartu genuen ( 15km). Eguraldia ez geneukan gure alde, euria ari zuen noizean behin, baina  bizikleta zaleok ibilbideari hasteko prest geunden.

Gutxinaka-gutxinaka hasi ginen tropelean. Tunelak igarotzen hasi ginen. Batzuk argiztatuak eta beste zenbait argirik gabe, baina gu linterna eta guzti prest geunden abenturarako! Konturatzerako helduak ginen Uitziko tunelera ( 2700m ). Zorionez, argiztaturik zegoen eta bidea erraz egin ahal izan genuen.

Leitzara heldu ginen tropelean 13:00ak inguru. Hotzetik babesteko herriko tabernara sartu ginen gorputza berotan sartzeko.
Herriko plazan bazkaldu genuen eta apur batean soka saltoan eta frontoian jolastu ondoren berriro ere Lekunberrirantzako martxa hartzea erabaki genuen ; eguraldi iragarpenak 18:00etarako kriston txaparrada zetorrela baitzioen.

Kanpiñera heldu ginenerako beste bizikleteroak bertan zeuden dutxa hartuta eta guzti.
Bizikletak aparkatu eta dutxa hartu genuen.
20:30etan afaria prest zuen guretzako Iñigok. Denok batera afaldu eta lotara joaten hasi ginen astiro-astiro. Nekea nabaria zen eta 23:00etarako denok geunden gure lo saku barruan goxo-goxo.

Igandean, eguzpi izpi zoragarriekin esnatu ginen. Hori bai, egiten zuen hotza ez zen makala!

Gosaldu, indarrak berriro hartu, hortzak garbitu eta berriro ere bizikletak heldu genituen.

      

Igandean Latasarako bidea hartu genuen familiok. Gure bizikleteroek Aralar mendirantza abiatu ziren.

Egun zoragarria atera zitzaigun eta horregaitik aprobetxatu beharra. Gainera, igandea, Plazaolako bide berde eguna ospatzen zen eta horregaitik herrian giro aparta zegoen.
Gure txangoa egin genuen Latasaraiño eta bertako gozotegian zeuden gozo guztiak jan genituen.
Lekunberrirantzako buelta egitea tokatzen zitzaigun ( 10km).
Tropela berriro martxan jarri ginen kanpiñerantzako bueltan.

Kanpiñera heldu ginen eguerdi parterako. Batzuk bokatak jan bitartean beste batzuk herrian zeuden taloak daztatu zituzten.
Motxila atondu lo sakua gorde eta bizikletak furgonetan gorde genituen etxera buelta hartzeko!

Milesker asteburu ikaragarri honengaitik bizikleta zaleok 😉

Hemen dituzue asteburu eder honetan ateratako argazki eta bideo bilduma :  https://flic.kr/s/aHsmB1Jo22