BERBALAGUNEAN IZEN EMATEA IREKIA ( urtarrilaren 2tik aurrera)

Berbalagunean izena emateko aukera dago jadanik:www.labur.eus/tutik_gura 

TÚ-tik GU-ra Ongi etorri Getxoko Berbalagunon Mundura.
Gonbidapena luzatzen dizuegu euskaltzale guztiei, euskaraz lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean aritzeko.

Mintzapraktika lasai egiteko aukera izateko 5-6 laguneko taldeak osatu ohi ditugu, astero ordubetez elkartzeko konpromisoa hartuz zuen mingainak dantzan jarriko dituzue.

Eman izena beheko formularioa betez eta … ongi etorri Berbalagunon mundura !

Zer da berbalaguna?:
Euskaraz berba egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzen dituen programa da.

Zertarako?: euskara hobetzeko, bide horretan laguntzeko, gehiagotan erabiltzeko, euskaraz bizitzeko, normalizazioaren alde egiteko, …

Nola?
Ohiko jarduera:
 talde txikietan, astean behin, ordubetez. Paseoan, kafetegian, parkean,… Ohiko hiztunak eta mintzapraktika egin nahi dutenak nahastuta, beste berba-taldeekin koordinatuta.
Ekintza osagarriak: herriko beste berbalagun taldeekin irteerak, afariak, zaletasun taldeak, beste herrietakoekin, mintzalagunen egunean.

Parte hartzeko baldintza: euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izan behar da.

… eta Gurasolaguna?
Ikastetxeko gurasoak beste gurasoekin biltzen dituen berbalagunaren aldaera da. Haurrak direla eta, euren ordutegi edo zaintza beharretara egokituta dago.

BERBALAGUNON DEKALOGOA

1. Berbalaguna borondatezko parte hartzean eta errespetuan oinarrituta dago.
2. Berbalagun taldea ez da euskara klasea, berba egiteko saioa baizik. Bertan ez dago irakaslerik.
3. Aste batean ezin bazara taldera joan, beti abisatu behar diezu zure taldekideei, gutxienez, saioa hasi baino ordubete lehenago.
4. Puntuala izan zaitez.
5. Ordutegi edo bestelako arazoengatik ezin baduzu taldean jarraitu, guri esan.
6. Edozein arrazoirengatik taldeaz aldatu nahi baduzu, guri esan.
7. Berbalagun taldeak irekiak dira, antolatzaileok egoki ikusten badugu ikasturtean zehar partaide berriren bat sar dezakegu.
8. Partaide berri batek (taldekide baten laguna, ezaguna…) taldera sartu nahi badu, guri jakinarazi behar digu.
9. Talde batean baino gehiagotan parte hartzeko gurekin adostu behar duzu.
10. Programaren inguruko informazioa etxera edo posta elektronikora iristen ez bazaizu, guri esan.