Irakurzale batek idatzitako kronika ; ) Milesker

Atzo, abenduak 17, agian euskarazko idazlerik ezagunena den Bernardo Atxaga izan genuen “Etxeak eta hilobiak” eleberriari buruz, geure Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoko ikasturte honetako hirugarren solasaldian. Guztira 40 lagun bildu ginen Fadura Polikiroldegiko aretoan eta beste 6 kide etxetik online, Atxaga entzuteko prest eta, ohikoa den bezala, Asteasuko idazleak ez zigun huts egin.

Ibai bakarrera jotzen duten errekak dira Bernardo Atxagaren azken nobela hau osatzen duten piezak. Zein bere bidetik doala dirudi, baina korronteak, logika narratibo sendo batek, norabide berean daramatza denak.


Atxagak, bere azken eleberriaren nondik norakoei buruz hitz egiteaz gain, literatura eta hizkuntzaren inguruan ere mintzatu zitzaigun. Bere aburuz, hitz guztiek soinu desberdinak eragiten dituzte irakurleen baitan eta soinu horiek guztiak testuaren hasieratik bukaeraraino  melodia bihurtzea da, hain zuzen, idazlearen lana.
Azkenik, Obabakoak lanaren egileak idazterakoan jarraitzen duen sormen prozesuari buruzko zertzelada batzuk eman zizkigun.

Horretaz gain, bertan geunden guztiok Atxagak kontatutako zenbait anekdota eta istorio disfrutatzeko abagunea izan genuen, baita ausart batzuek idazleari egindako galderen erantzun atseginak entzuteko aukera ere. Oro har, guztioi topaketa laburra egin zitzaigula esan dezakegu. 

Saioa amaitzeko, Atxagak Irati Elorriagaren Neguko argiak liburua zozketatu zuen  solasaldian izena eman zutenen artean eta, txalo zaparradaren ondoren, minutu batzuk eskaini zizkien, irribarretsu, bertaratutakoei.

Asebetetze inkesta duzue hemen: https://forms.gle/DqKkytuhNNjEL5HZ7

Atera genituen argazkiak hemen: https://flic.kr/s/aHsmSVxCTF

Eskerrik asko geure txokora hurbildu zineten lagun guztioi eta milesker, Bernardo, oparitu zenigun denboragatik!