Irati Elorrieta izan genuen atzo geure Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoko urte honetako lehen solasaldian.
Azebarri Kultur elkartean bildu ginen parte hartzaile batzuk eta bertatik online konektatu ginen Berlinen zegoen Irati Elorrietarekin. Hainbatek solasaldia etxetik jarraitu zuten.
17 irakurzale bildu ginen“Neguko argiak” eleberriari buruzko solasaldian.

Carmen Kamiruagak idatzitako kronika:

2021eko, otsailaren 4an, 19:30ean Irati Elorrietarekin online konektatu ginen Uribe kostako Irakurzaleen Txokotik.

Iratik idatzitako liburua “Neguko argiak” 2019ko Euskadi literatura saria izan zen.

Hamasei lagun, gutxienez, bildu ginen (liburuaren egiten den ohiko zozketan hamaseigarren  zenbakiari tokatu baitzitzaion) 😉

Lehenengo eta behin, zoriondu behar dugu Irati liburu eta sariagatik.

Irati, gugana heltzeko prest eta gertu egon zen eta idazkeraren prozesuaz gauza batzuk kontatu zizkigun: adibide gisa, datuak biltzeko egin zuen lana Paris hiriari buruz eleberrian agertzen den informazioa emateko.  Aurrekoari lotuta  flâner (presarik gabeko ibiltari) irudia ekarri zigun eta horren harira berari ere asko gustatzen zaiola paseatzea esan zuen eta, hain zuzen ere,  paseotan, idazkera prozesua hasten duela Iratik. Paseatzen den bitartean inguruan dagoen guztiarekin, eta sortzen diren zirrarekin bere buruan  hasten da idazten.

Azkenean buruan hasten dena ordenadorean produktu literario bihurtzen da.

Pertsonaia ugari agertzen dira eleberrian,  Marta eta Añes nagusiak dira, baina egia esan, eleberriaren oinarrean, hau da, mamia edo gaia, adiskidetasuna eta giza harremanak direla esango genuke.

Iratik esan zigun izurritean eta, batez ere, itxialdietan zehar asko irakurri eta nota ugari hartu zuela.

Adi egongo gara hartutako notekin eta  irakurritako guztiarekin ea zer egingo duen Iratik, baina berak esan zuenaren arabera hurrengoa ez omen da eleberri bat izango.

Irati Elorrietarekin izan genuen bilera plazer handia izan zen.

Carmen Kamiruaga

Asebetetze inkesta duzue hemen: https://forms.gle/LNW565CPPkZgbryb9

Atera genituen argazkiak hemen: https://flic.kr/s/aHsmU7aQLk
Eskerrik asko, Irati!
Baita gure irakurzaleen txokora hurbildu zineten guztioi ere, giro ederra sortu genuen eta!