Amets Arzallus izan genuen aurreko ostegunean geure Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoko urte honetako bigarren solasaldian.
Romo Kultur Etxean bildu ginen parte hartzaile batzuk eta beste zenbait etxetik online konektatu ziren.
40 irakurzale bildu ginen“Miñan” eleberriari buruzko solasaldian.

Hona hemen Ametsen solasaldira hurbildu zen Landerrek helarazitako kronika:

MIÑANen mina

Ni pertsona bati entzutera joan nintzen, aurreko astean, laugarren egunean. Pertsona hori han egon zen, sarreran, ni sartu nintzenean, eta serio zegoen, ia triste. Eta pertsona hori hitz egiten hasi zenean, hemeretzi hogeita hamabostak ziren, eta “arratsalde on” eta “eskerrik asko” esan zuen, eta orduan han egon ginen guztiok isildu ginen. Ez dizut esan, baina niri matematikak eta numeroak gustatzen zaizkit, eta han, gela handi, epel, elegante eta ilun hartan, hiru dozena lagun batu ginen, edo agian gehiago, zeren denak ez baikeunden han, areto hartan: beste batzuk euren etxeetan zeuden, baina guk ikusten genituen eta hitz egiten zuten. Magia ematen du, baina hori ere existitzen da eta neure begiekin ikusi dut.

Esaten nizun bezala, pertsona hori hizketan hasi zen, astiro, sakon, ondo, oso ondo. Amets du izena gizon horrek, le rêve, eta idazlea da. Nik ez dakit ondo idazten, eskolan ez zidatelako irakatsi eta joateari utzi behar izan niolako. Baina Ametsek asko idazten du eta hara joan nintzen entzutera nola idatzi duen liburu bat, eta zergatik idatzi duen.

Eta lehen esan dizut bera hasi zela hitzak ahotik botatzen, baina hitzek, ahotik irten aurretik, buruko bidea egiten dute gehienetan, eta “gehienetan” esan dizut, eta ez “beti”, zeren oso haserre gaudenean, hitzak ez baitira burutik pasatzen. Eta Ametsek baditu motiboak haserre egoteko eta, hala ere, hitzak burutik pasa zituen. Eta baita bihotzetik ere. Bai. Gauza batzuk kontatu zituen ume, gazte, gizon bati buruzkoak, horren bizitza azken batean, eta latzak dira benetan. Bizitzak ume, gazte, gizon horri ostikada asko eman dizkiolako, harri bati ematen dizkiogunean bezala: harri hori leku batetik bestera botatzen dugu, ostikoka, coups de pied avec les pierres, eta ez zaigu batere inporta harri hori. Horrela tratatu du bizitzak Ametsen liburuan agertzen den pertsona hori, Ibrahima.

Bizitza hori inork ez du merezi, eta horregatik uste dut Ametsek egin ahal zuela hitzak zuzenean ahotik bota, haserre, pertsona horri zer gertatu zaion jakin eta gero. Baina Amets serioa da, eta oso ondo hitz egiten du, uste dut lehen ere esan dizudala, eta indarra izan zuen hitzak bihotzetik eta burutik ere pasatzeko, guri ondo kontatzeko pertsona hori Irun deituriko hirian ezagutu zuela, eta txarto zegoela, eta haien artean connexion bat egon zela, batak kontatu behar zuelako, eta besteak entzun. Neuk ere hori sentitu izan dut inoiz, zuk ez? Kontatu behar duzu, zauriak erakutsi, eta topatzen duzu norbait entzun behar dizuna, entzun nahi dizuna, zure zauriak ikusi, eta hori da connexion. Eta Ametsek azaldu zigun elkarri emandako laguntza horretatik sortu zela liburua, batak ahoz, besteak eskuz. Nik ez nekien askorik liburuei buruz, guk etxean ez dugulako bat ere, eta uste nuen pertsona bakar batek egiten zuela dena: buruarekin eta eskuarekin idatzi. Baina Ametsek azaldu zigun biren artean ere idatzi ahal dela liburu bat, haiek egin zuten bezala, kontatzeko Ibrahimaren bidaia luzea nolakoa eta zergatik izan zen, handik hona, eta berriz hara, penek eta minak eramanda, anaia txikiaren bila.

“Amets berezia da”, pentsatu nuen. Zer esaten zuen eta nola esaten zuen. Horretan da berezia Amets. Entzuten genion, eta liburuko Ibrahima sartu zigun buruan eta barruan, ulertzen didazu?, eta ezin genuen atera, nous l’avons eu à l’intérieur. Galderak egin genizkion, liburuaz eta Ibrahimaz eta munduaz eta gutaz gehiago jakiteko eta dena hobeto ulertzeko, eta bere erantzunek beti eramaten gintuzten harago, gu helduko ez ginen leku batera.



Hogeita bat zero bostean amaitu zuen berbetan Ametsek. Guztira ordu oso bat eta beste baten erdia ere egon ginen berarekin eta berari entzuten eta galderak egiten. Nik uste dut apur bat triste irten ginela handik, min batekin. Pozik alde batetik, bi pertsona berezi ezagutu genituelako, Amets eta Ibrahima; baina baita triste ere, denok sentitu genuelako Ibrahimak, eta besteek, ez zutelako min hori pasatu behar. Inork ez duelako min hori pasatu behar.

Eta zu, aipatu zaitudan zu hori, nor zaren pentsatzen ariko zara. Zu agian lerro hauek irakurtzen egongo zara; edo zu agian han egon zinen Ibrahimari entzuten, Ametsen ahotik; edo beste zu bat zara, eta gogoa piztu dizut Ibrahimaren bizitza ezagutzeko. Bai, nahi baduzu zu hori zu zara, baina ni ez, eta hau da nire kronika.

Milesker Lander kronika eder honengaitik ; )

___

Asebetetze inkesta duzue hemen: https://forms.gle/4oNr137irT9NcZME7

Atera genituen argazkiak hemen: https://flic.kr/s/aHsmUw2Pdn

Eskerrik asko, Amets!

Baita gure irakurzaleen txokora hurbildu zineten guztioi ere, giro ederra sortu genuen eta!