Biologoak  edo hizkuntzalariak izan gabe ere, jakin badakigu hizkuntzek, espezie biologikoek bezala, gutxieneko baldintza batzuk behar dituztela bizirik irauteko. Baldintza horiek honakoak dira: gutxieneko kide kopurua (emeak eta arrak, jakina) eta lurralde edo ingurune egokia, hau da, habitat egokia.

Bigarrenari dagokionez argi dago euskarak mende luzeetan zehar bera baino handiagoak (hiztun kopuruaren eta hartzen duten lurralde eremuaren aldetik ez ezik, atzean estatuak ematen duen botere eta indar guztia ere badaukatelako) diren bi hizkuntzekin bizi behar izan duela lurralde berean. Eta nork ez daki handiak txikia jaten duela.

Horren aurrean txikiek espezie legez bizirauteko daukaten bide bakarra kide kopuru handia izatearena da, eta gaude gurean ere hori dela konponbidea, eta horrek lotura zuzena dauka arestian aipatutako lehenengo baldintzarekin. Zein egoeratan dago, baina, euskara hiztun kopuruari dagokionean?

600.000 lagun ei gara euskaraz berba egiteko gai, baina begitantzen zaigu gutxiago garela eguneroko bizitzan euskara lehenengo hizkuntza legez erabiltzen dugunak. Getxoko kasuan biztanleen %20 ei gara euskaldunak, beste %23 elebidun hartzaileak, erabilera, berriz, % 4 (kalean entzuten dugunagatik ez dakigu datu hau ez ete den apur bat puztuta egongo),  eta hori lehen ikastolak sortu zirenetik berrogei urte baino gehiago pasa direla, eta hori EAEn euskararen legea onartu zenetik hogei urte baino gehiago pasa direla, eta hori gure udalerrian, urtero-urtero, mila eta berrehun lagun baino gehiago doala euskaltegietara eta horietatik ehun lagun inguruk parte hartzen duela erabilera sustatzeko egitasmoan.

Zer gertatzen da, bada, ezagutza mailan gora egin arren erabileran hain atzean geratzeko? Badakigu faktore askok eragiten dutela horretan, ezagutza mailak, inguruan daukagun euskaldunen dentsitateak, hizkuntza ohiturak eta abar luze batek. Baina oraingo honetan euskaldunon hizkuntzarekiko agertzen dugun jarrera aipatu nahiko genuke. Izan ere lehenak izan ohi gara besteei eskatzeko orduan, etorkinei euskara ikasteko edota umeei euskaraz egin dezaten eskatzeko orduan, esaterako. Geure buruei, berriz, sekula ez diegu halako ahaleginik eskatzen, eta kasurik gehienetan euskara umeekin eta txakurrekin baino ez dugu erabiltzen, edota agurtzeko baino ez, edota kanpora goazenean, Espainia aldera batez ere, argi gera dadin ezberdinak garela, baina, jakina, gure herrian ez daukagu horrelakorik erakutsi beharrik eta ondorioz kasurik gehienetan gaztelaniara jotzen dugu. Gero harritu egingo gara umeek ere gaztelerara jotzen badute. Gero harritu egingo gara gazteek euskararik erabiltzen ez badute. Gero harritu egingo gara euskara ikasten duten gazte eta helduek erabiltzen ez badute. Gero harritu egingo gara erdaldunek euskara zertarako ikasi behar duten galdetzen digutenean.

Egia esan ez daukagu, ez dago aitzakiarik, umeek eta gazteek euskaraz egin dezaten nahi badugu, euskara ikasi dutenek eta ikasten ari direnek erabil dezaten nahi badugu, erdaldunek euskara ikas dezaten nahi badugu geuk ere antzeko ahalegina egin behar dugu. Aitzakiarik ez, euskaldunok euskaraz.

Josu Esnaola eta Rozio Luces Bizarra Lepoan eta Egizu Euskara Elkarteen izenean.