[ ; – ] k l i s k a . 003

Eskerrik beroenak: Areetako Bidebarrieta kaleko Juan Mari harakinari!

BERTON IKUSIA ::: Literaturaz berbetan
BERTON IKUSIA ::: Iruña-Veleia
AGENDA ::: ABENDUA
ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Juan Mari & Txikilin
IRITZIA ::: Osasun arloa eta euskara + Peru Ruiz Jauregizuria
EUSKARAZ BIZI ::: Oparien katalogoa

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

BERTON IKUSIA ::: Literaturaz berbetan

LITERATURAZ GOZATU GENUEN azaroaren 30ean Villamonten antolatutako mahai-ingurura hurbildu ginenok. Julen Gabiria moderatzaile eta Laura Mintegi, Iñaki Friera eta Unai Elorriaga hizlari, egungo euskal letren egoerari buruz jardun ziren, belaunaldi berriak, beste herriekiko loturak, itzulpengintza, idazleen bizimodua eta abar izan zituzten hizpide. Bertan batu ginen 40 lagunok aukera izan genuen gure jakin mina asetzeko eta maite ditugun idazleei gure galderak transmititzeko, beti ere etxeko giro beroan. Urtarrilaren 11n, 19:30etan bilera dugu datorren urteko Irakurzaleen txokoa adosteko. Animatu! ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

BERTON IKUSIA ::: Iruña-Veleia

Valentina etxea, Jabi Zabalaren argazkia

DUELA IA 2000 URTEKO euskarazko testuak aurkitu dituzten lekura joan ginen abenduaren 17an. Getxo, Erandio eta Santutxuko 40 lagun joan ginen autobusez, Iruña-Veleiara goizean eta Gasteizko katedralera arratsaldean. Josu Larrañagak ederto azaldu zizkigun aztarnategiko nondik norakoak, III eta IV. mendeko euskarazko hitzak irakurri genituen, eta katedralean ere oso informazio interesgarria eman ziguten. Bazkari ederra izan genuen Arabako hiriburuko jatetxe batean, eta han kanpoko giro hotza berotu genuen. Bueltan, Arabatribialean ez genuen astirik izan aspertzeko.  Eskerrik asko denoi! ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

AGENDA ::: ABENDUA

Barikua, 22 eta zapatua, 23 ¤ Olentzero eta Mari Domingi kalerik kale, biak batera goizez eta arratsaldez, Algorta eta Areetan zehar ibiliko dira giroa berotzen. Olentzerok gainera, trikitilariak, txistulariak eta albokariak eramango ditu alboan.

Zapatua, 23 ¤ 11:30 Potxin eta Patxin pailazoak, Getxo Antzokian, doan, gonbidapenak txarteldegian ordubete lehenago hasita.  Antolatzailea:  Algortako Olentzero Batzordea.

Zapatua, 23 ¤ 19:00 Erromeria Patxi Pérezekin, San Nikolas plazan.  Antolatzailea:  Algortako Olentzero Batzordea.

Domeka, 24 ¤ Olentzero dator!

* 12.00 Algortako Geltokiko plazan: puzgarriak, haur jolasak, Olentzero panpina eta gutunak bidaltzeko postontzia, hankapaluak, fruitu lehorrak banatuko dira

* 17.00etatik aurrera: Olentzeroren kalejira Benantziotik hasita

* 18.00etan Villamonten: Olentzerok opariak banatuko ditu, txokolatea eta gaztainak, bertsolariak eta euskal dantzak

* 20.00etan: San Nikolas plazan: txalaparta, bertsolariak, abesbatza, Olentzeroaren kondaira kontatzea, aurreskua, Olentzeroa erretzea

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

ELKARRIZKETA ::: Merkatari euskaldunak + Juan Mari & Txikilin

Juan Mari | Harakina
Areeta | Ama Mesedeetakoa, 31

Juan Mari, Ama Mesedeetako harategikoa

* Zenbat urte daroazu hemen, Areetan, okela saltzen?
Hogeita hiru urte. Denboratxo bat, beraz.

* Eta harategian okela saltzen duzu, baina horrez gain, beste ezer saltzen duzu?
Okela gehienbat: txahalkia, behikia, txerrikia, oilaskoa; eta, horrez gain, txarkuteriako gaiak ere saltzen ditugu: gazta, pernila… denetarik apurtxo bat. 

* Zelango jendea etortzen da harategira?
Denetarik dago. Gaur egun denetarik etortzen da. Gehien-gehiena bai,  “betiko” etxekoandrea da, baina jende gaztea ere ikusten da asko gaur egun erosketak egiten-eta.

* Zerbait utzi dugu aipatu barik?
Ba, bai. Gauzatxo bi esan gura nuke: baserritik barazkiak-eta ekartzen ditugu: tipulak, babak, indabak, limoiak… den-dena, on-ona, kalitatekoa eta bertokoa. Beste gauzatxo bat: geure harategiak Eusko Labela lortu du eta horrek ere geure okelaren kalitatearen gainean zerbait adierazten du. §

Xabier | Txikilin Harategia
Algorta | Merkatua

Txikilin, Algortako merkatuko harategikoa

* Algortako Merkatuko Xabier esanda gutxi batzuek ezagutuko dute, baina jende gehienarentzat Txikilin da bera. Nondik dator ezizena?
Gure aitari beti deitu izan diote Txikilin, berak ireki zuen harategia eta izen horixe ipini zion eta horrela geratu da; dagoeneko hogeita zazpi urte daramagu Algortan.

* Noiz hartu zenion lekukoa aitari?
Tira, ni hogeita bi urterekin hasi nintzen aitari laguntzen, orain dela hogei bat urte. Hainbat urtean zehar biok aritu gara, baina orain dela zortzi urte erretiroa hartu zuen eta harrezkero nik bakarrik jarraitzen dut.

* Harategia aipatzen ari gara behin eta berriro, baina nik hemen okelaz gain gauza gehiago ere ikusten dut.
Batez ere haragia saltzen dugu, txahalkia, behikia eta txerrikia. Horrez gain, txarkuteriako gaiak eskaintzen ditugu, oilaskoa… baina batez ere harakinak gara. §

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Peru Ruiz Jauregizuria, Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeko (OEE) kidea

Osasun arloa eta euskara

Ez dago alde handirik osasun arloan euskarak bizi duen egoeratik gizartearen beste esparru batzuetan aurkitu dezakegunera , iz
an ere, osasuna bera gizartearen beste isla bat baino ez da.

Nire ustez, osasun arloko arazoa ez da profesional euskaldunen eskasia, bagara asko euskaraz lan egiteko gai garenok.  Arazo nagusietako bat da medikuntzako hiztegi tekniko eza. Horrek zer esan nahi du? Nor bere kabuz gabiltzala etxeko euskara erabiltzen. Medikuak, erizainak, administrariak… ez dugula euskara “txokotik” ateratzen. Ez dugu mundu modernora ekartzen gure hizkuntza. Uste dut profesionalok, profesional euskaldunok “jende jatorra eta saiatua” izatetik (eta asko da) ez garela pasatzen; eginkizun dugu euskara profesional mailara ekartzea.  Egia esan, hiztegi tekniko batzuk badaude, argitalpenen bat edo beste ere bai, kongresuren bat ere antolatzen dugu, baita beka-saria ere badugu; badaude honetan diharduten erakundeak, hala nola: OEE (Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea) eta Elhuyar Fundazioa;  baina, esaterako, iazko irailean  argitaratu da unibertsitaterako euskarazko lehen testu-liburu serioa. Bazen sasoia!  Baina orokorrean, orain arte egindako ahalegin guztia indibiduala izan da.  Jendea oso gogor lan egiten han-hemenka, meritu handikoa, baina betiko moduan, sustapen handirik gabe eta beste esparruetako erakundeekiko benetako koordinazio barik.

Bestalde, Administrazioak ez du aurrea hartzen. Sailak eta Bulegoak sortzea eta itzultzaileak ipintzea ez da  nahikoa. Oraingoz norberak (osasun arlo profesionalok) egin behar du lana, norberak ipini behar du motibazioa  eta kemena.  Administrazioa ez da “lurrera jaisten”, hark egindako lana ez zaigu hurbila egiten. Noren erruz?  ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

EUSKARAZ BIZI ::: Oparien katalogoa

katalogoa.org

Zer eskatu ez dakizu? Euskarazko opariak nahi eta ideien bila zabiltza? Toki batetik bestera ezer aurkitu barik? Konponbidea helbide honetan topatuko duzu: www.katalogoa.org.
EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko 96 udal, mankomunitate eta elkartek hartu dute parte katalogo honen argitalpenean eta erakunde publikoen babesa izan dute. Katalogo honetan aurkituko dituzu euskaraz dauden musika, filmak, aldizkariak, liburuak, informatika produktuak, jostailuak eta jokoak. Produktu hauek Getxon erosi nahi badituzu, Euskara Zerbitzuan (944 660 010) esango dizute zein dendatan dauden salgai. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

Harpidetza egin edo kentzeko bidali mezua info.kliska@gmail.com e-lbidera.