[ ; – ] k l i s k a . 006

Eskerrik beroenak Itzubaltzeta Gaztetxeko kide Gaizka eta Mireni!

DATORRENA ::: Meakaur aterpetxera!
DATORRENA ::: Erabili gura?
AGENDA ::: URRIA
ELKARRIZKETA ::: Herriko gazteak + Itzubaltzetako kide Gaizka eta Miren
IRITZIA ::: ERABILI! + Rozio Luces
EUSKARAZ BIZI ::: gaztesarea.net

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

 

DATORRENA ::: Meakaur aterpetxera!

BAPIRUKEKOOK ASTEBURU PASA egitera goaz! Getxoko 5-12 urte bitarteko ume euskaldunentzat da. Ekintza ezberdinak antolatuta daude astebururako: piraguismoa, ibilbide ekologikoa, jolasak, tailerrak… Urriaren 27an, goizean, Getxotik irtengo gara eta 28an, arratsaldez itzuliko gara. Izena emateko epea urriaren 8tik 16ra izango da, goizeko 9:30etatik eguerdiko 13:30ak arte. Beti bezala prezio bi egongo dira, bazkideentzat 50 € eta bazkide ez direnentzat 65€. Izena emateko lekua betikoa izango da, Karitate kalea 1, 10. bulegoa.  94 491 43 57 / Euskadiko Kutxa 3035 0108 06 1081032766. ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

::: Erabili gura?

izena eman berbalagunan!
TALDE  TXIKIETAN ELKARTU eta euskaraz egin, hori da Berbalaguna, adin eta zaletasunen arabera batzen gara, astean behin ordubetez. Batzuk kafetxoa hartu, paseatu, besteak frontoian aritu, giro lasaian jende berria ezagutzen dugu euskaraz. Hilean behin irteerak antolatzen ditugu, batzuk kirola egiteko eta besteak Euskal Herriko txokoak eta jendea hobeto ezagutzeko. Erabili da gure aurtengo leloa, erabiltzeko ohiturarik ez daukanak har dezan, aukerarik ez daukanak izan dezan, Getxon euskarak leku zabalagoa izan dezan  denok zabalduko dugu harreman sarea. ¤
:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::
AGENDA ::: URRIA

ANTZERKI JARDUNALDIAK

Urriak 13 ¤ Birusak erasoan (Toni la sal) Andres Isasi Musika eskolan 18:00 (3,50 €)
¤
Gondola misteriotsua (Gorakada) Algortako Geltokia plaza 13:00
Urriak 14 ¤ Katiuska hegalaria (Deabru beltzak) Andres Isasi Musika eskolan 18:00 (3,50 €)
Urriak 19 ¤ Bota patsa! (Txalo) Getxo Antzokian 20:00 (9/7 €)
Urriak 20 ¤ Rosi erosi (BehiBi´s) Andres Isasi Musika eskolan 18:00 (3,50 €)
¤ Kanpanolue (Eidabe) Algortako Geltokia plaza 13:00
Urriak 21 ¤ Txintxilinpurdi erregea (Panta Rhei) Andres Isasi Musika eskolan 18:00 (3,50 €)
¤
Run Run (Poxpolo, Mokolo ta Konpainia) Algortako Geltokia plaza 13:00

HAUR ZINEA
Urriak 28 ¤ Doraemon eta dinosaurio txikia Getxo Antzokian 12:00, 17:00 & 19:00 (2,10 €)
:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::
ELKARRIZKETA ::: Itzubaltzeta Gaztetxearen III. urteurrena

Gaizka Aranaga eta Miren Martinekin berbetan

Itzubaltzetako Gatzetxearen III. urteurrena

* Zer nolako ekarpenak egiten dizkio gaztetxeak Erromori?

Lehenik eta behin, uste dugu gazteriak leku aske bat eduki behar duela. Gaztetxeak gazteei aisialdia eskaintzen die eta saiatzen gara kaleratzen eta betetzen herriak dituen gabeziak.
* Zer leku dauka euskarak gaztetxean? Sustatzeko zer edo zer egiten da?
Gaztetxetik ateratzen ditugun kartel edo eskuorri guztiak euskaraz egiten ditugu, baina herriaren errealitatea kontuan hartu behar dugunez, edukiaren laburpentxo bat egiten dugu gaztelaniaz. Horretaz aparte, musika, bilerak, ekintzak, etab. saiatzen gara osoki edo behintzat gehienetan euskaraz izan daitezen.
* Zelan ospatu duzue hirugarren urteurrena?
Astean zehar hainbat ekintza ezberdin burutu ditugu. Jarduera hauek mota askotakoak izan dira: hitzaldiak, umeentzako jolasak, jaialdia kontzertuekin, bazkari herrikoia, koadrilen arteko txapelketak… Guzti hau egitea ez da erreza izan, lehen egunetik munizipalek oztopoak ipini dizkigute, baina gure asmoak herritaratzea lortu dugu.
* Hiru urte eta bazoazte aurrera!
Orain eskuartean dugun proiektua merkatari txikien auzia da. Herriko denda eta merkatariak elkarrizketatu ditugu eta merkataritza-gune handiekiko euren kezkak herriari plazaratu dizkiegu. Gaztetxearen biziraupena, toki fisiko bezala, Udalaren esku dago. Baina guk argi dugu hau eraikin soil bat dela eta bai hemen, baita beste leku batean ere Itzubaltzetako Gazte Asanbladaren proiektuak aurrera jarraituko duela.
* Zelakoa da auzokideekiko harremana?
Gaztetxekoak saiatu gara auzokideekiko harremana gero eta estuagoa eta naturalagoa izaten. Auzokideek ikusten dute herrian gabeziak badaudela eta gu saiatzen garela gabezia horiei irtenbidea ematen.
* Zer edo zer gehitu nahi?
Itzubaltzeta gaztetxeak ateak zabalik dituela jende guztiarentzat. Ostegunero bat
zar irekiak egiten ditugu eta jendeak dituen zalantzak eta eman nahi dituen aholkuak entzuteko edo argitzeko prest gaudela. Eta azkenik, alderdi politiko guztiei esatea, kontuan hartu behar dutela gazteon hitza. §

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

IRITZIA ::: Rozio Luces, EGIZU elkarteko antolatzailea

ERABILI! BERBALAGUNA 2007-2008

"Euskalduna naiz eta ez dut Berbalagunan izena eman behar.” Baten baino gehiagoren hausnarketa izaten da aurreko hau. Gu, berriz, ez gaude batere ados; berbalagunak inportanteak dira erabileran eragiteko, harreman sare berriak sortzen direlako, eta Getxoko euskaldunon komunitatea sendotzen delako, erdaldunengan eta ikasten ari direnengan eragin positiboa dutelako, gure hizkuntza kalera, plazara ateratzen dugulako, erakusten dugulako Getxon badagoela euskaraz bizitzerik. Alternatiba bat eskaintzen dugu eguneroko jarduera arruntak euskaraz egiteko: lagunekin elkartu, kafea hartu, poteatzera joan, bazkariak eta afariak, jaiak, kirola, irteera kulturalak.

Ezaguna denez Berbalaguna proiektuan euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak elkartzen dira, helburu bakar batekin: euskaraz hitz egitea. Berbalagun batzuk euskaltegian dabiltza eta ez daude ohituta euskara erabiltzera gelatik kanpo; ohitura aldaketa da haientzat, espazio berriak konkistatzen dituzte euskaraz. Beste berbalagun batzuek, berriz, amaituta dute euskalduntze prozesua, euskaldun osoak dira eta kasu batzuetan ama hizkuntza dute euskara. Haien zeregina berbalagun taldeetan ezinbestekoa da: besteentzako erreferentzia linguistikoa dira, irakasle lana egiten dute askotan eta, hala ere, eurek ere, asko ikasten eta jasotzen dute.
Getxon dugun urteetako esperientziak esaten digu hilabete batzuen ostean bi taldeen arteko muga hori difuminatu eta ezabatu egiten dela; hau da, partaideek ahaztu egiten dute nor den euskaldun berria eta nor euskaldun zaharra, eta denak sentitzen dira euskaldun taldean, besterik gabe. Aurten zure txanda da, utzi lotsa eta aurreiritziak etxean eta atera dezagun denon artean euskara kalera! ¤
:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

EUSKARAZ BIZI ::: gaztesarea.net

gaztesarea.net

Gazteek sortutako berriak gazteentzat. Webgunean parte hartzea sustatzen dute atal ezberdin eta eztabaidarako guneen bitartez, arbela, kalaportu, musikale eta gozategi dira hauek.

Argiak komunikazio saria eman eta honela definitu zuen: “baditu gaztetasuna, ausardia eta kemena. Euskarazko komunikabide digital honek badu alternatibo izan nahia eta denetaz eztabaidatzeko gogoa, sexuaz bezala politikaz edo kulturaz. Badu kaleak ematen duen freskura eta badu umorea. Guztia, egunero txukun landutako webgune interesgarri batean.” ¤

:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::

HARPIDETZA + PARTE HARTU + GU NON?

Bizarra Lepoan eta EGIZU elkarteen lanaren emaitza duzue kliska, e-postaz harpidetzeko hemen: info.kliska@gmail.com
Parte hartu, galdetu, proposatu edo informazio gehiago gura baduzu: 94 491 4357 & 619 935 541. Karitatea 1, sotoa, 10. bulegoa, 48991 Algorta GETXO.

egileak eta babesleak