Iaz Donostiara, duela urte bi Iruñeara, aurten Getxoztarron txanda iritsi da! III. Mintza Eguna Getxoko berbalagunak ere antolatzen ari gara. Lan-taldeetan banatu, eginbeharrak ondo zehaztu eta aurrera aterako dugu jaia.

 

Euskal Herri osoko berbalagunak datoz zapatu honetan Algortako Portu Zaharrera. Hamaiketan hamaiketakoa (guk geuk egina!) eta ongietorria eskainiko diegu bisitariei, baita etxekoei ere. Herriko bertsolari eta txalapartarien laguntza izango dugu, baita Guzur animatzailearena ere. Xabi Payarekin Portu zaharretik Usategiraino herriko historia eta txokoak ezagutuko ditugu. 12:30ean kalejiran irtengo gara Usategi parketik, Algortan zehar. Musikari ezberdinak arituko dira ibilbidean zehar Telletxeraino. Denok zaudete gonbidatuta goizeko jai honetara.

Romoko Santa Eugenian herri bazkaria dugu, bazkalostean parte hartzaile guztien artean sorpresak banatuko ditugu eta Berbalagun batzuei saria emango diegu, herrietako egitasmoen alde egindako lanari eskerrik asko esateko modua, xume eta polita. 16:30ean Patxi Perez eta konpainiaren erromeriarekin mingainak bezala gorputzak ere dantzan ipiniko ditugu!