2009 urteko martxoaren 14an lehorreratzea egin genuen lurralde berrian, soinu tresna ezberdinen oihartzun artean.
Ordu eta erdi lehenago gure itsas portuan asfaltoratu ginen “Artzaina” izenaz bataiatuta dugun gure Drakkarrean. Geldialdi bakarra leihotik begira despistatuta gelditzen den Bernhard jasotzeko, eta bidaia arriskutsuan murgildu ginen.
Esan bezala, lehorreratu ginen asfaltozko itsaso benetan sigisagatsua igaro ondoren. Soinu tresnen lurraldera iritsiak ginen inolako ezbairik gabe, horietatik milaka baitzeuden herri hartan, lehorreratzea egin genuen txoko hartan bai, bederen. Zorionez, tresna guzti horiek ezagutu eta soinua ateratzen zizkien bertako bat topatu genuen. Inork ez du dudarik egingo gatibu hartu eta azalpenak ematera behartu genuela.
Harritu gintuen, ez dugu besterik esango. Bizia barkatu genion eta hiriburuko portutik abiatutako Drakkarrean abiatutako aberkideei entregatu genien, beraiek ere oihartzun haiek eragiten zituzten soinuen berri izan zezaten.
Gosea, eta batez ere egarria sartu zitzaizkigun. Abiatu ginen beraz, aseko gintuenaren bila. Oihartzunak entzuteari utzi gabe, herrixka polit hura inbaditu, eta taberna sorta are politagoa eraso genuen. Ez ginen aseak ordea. Drakkarra berriro hartu eta bila jarraitu genuen.
Thor jainkoak berak guretzat eraikia bailitzan, “Alorrenea sagardotegia” zeritzan etxea topatu genuen bidean. Hura zen gure salbazioa, dudarik ez! Gure lurraldetik abiatutako hiru asfaltontziak bertan elkartu ginen, hura zen poza!
Oker genbiltzan, ez zen soinu-tresnen lurraldea; sagardoaren lurraldea zen. Etxean bezala sentitu ginen. Thor jainkoak eraiki baldin bazuen ametsetako eraikina, Odinek berak hornitu zuen barnealdea ametsetako kupelez. Kupelen inguruan aritu ginen kantuan, dantzan; jan eta edan genuen ase ginen arte. Harritu egin gintuen gure ohiturekin zituzten antzekotasunak. Sagarrari erauzitako zuku gozoa hildakoen kaskezurretan edaten ez bazuten ere, bakailaoa eskaini ziguten dastatzeko, nahaski berezi batean lehenik eta gurean bezala ondoren. Haragia ere (eta zelako haragia!) denok plater beretik eta mahai-tresnak ahalik eta gutxien erabiliz.
Jateaz bai, baina edariz ez ginen guztiz ase. Bertakoek kupeletako isuria moztu baitziguten. Haserretu ginen baina ez genituen akabatu, egin ziguten harreragatik adeitasuna adieraziz. Zutik iraungo genuen artean jaiarekin jarraituko genuen zalantzarik gabe. Horrelako konkista baten ospakizuna ezin gera zitekeen erdizka. Bertatik bertara zegoen kai batean atrakatu genuen Drakkarra eta lehenago bezala taberna zuloak eta edari tantarik geratzen zen txoko oro eraso genuen. Vikingoak nor garen argi izan zezaten.
Aseta gelditu ginen halakoren batean, eta erabaki genuen etxera bueltan etortzea, etxekoei berri ona, eta Sagardoaren Lurraldearen berri ematera. Horrenbesteko zoriona ezin gera daiteke gerlari aseezinon ezagutzan. Datorren urtean, Jainkoak lagun, berriro itzuliko gara.
Leave A Comment