08:15. Zapatua. Eztarriko minarekin esnatu naiz. Aste osoan nabil osasunez kili-kolo, zapatua heldu eta… Berbalagunen mendi taldearekin hitzordua… atsedenaldi osasungarria domekarako utzi eta ze demontre! Urdulizetik Plentziara eta handik Butroera, Urdulizen amaitzeko… Itxura polita dauka ibilaldi zirkular honek. Ederrak dira ibilaldi zirkularrak, puntu bera behin baino ez duzulako zapaltzen. Deja vu-rik ez, beraz.
Euskalmeten iragarpen beltza, eztarri mindua eta astean pilatutako nekea, koktel polita txango bati ekiteko.
09:07. Algortako Telletxe plaza. Metroaren sarreran, hamalau hankabiko euskaldun, hankak eta mihiak dantzan hasteko prest: txikiak, handiak, gazteak, gazte izandakoak… Guztiak euskara ezpainetan, zein bere erara.
Metroz egin dugu Urdulizerako tartea, zati hau ez zait gertatu oso gogorra…
Urdulizeko geltokian hamabosgarren taldekidea gure zain: gaurko espedizio arriskutsu honetatik onik ateratzen bada Donejakue Bidea egitekotan dagoen Aratxel.
Metroaren aldamenetik tarte txiki baten ostean mendian gora abiatu gara. Bizkaiko Itzuliaren (GR-123) zatia hartu dugu Plentziaraino. Euria. Euritakoak. Natura borborka dago, udaberria “ari duelako”. Hiru sasiargazkilari -paparazzien pare- inguruko oro betikotzeko ahaleginetan: zelai, lore, berbalagun lotsati zein basatzak digitalizatu nahian. Maikl, Monk eta Jeuss ditugu.
Ganbe baserri ondotik, Gane auzunera iritsi gara, handik behera… pista utzi eta hainbat sinonimo ekarri ditugu gogora: basa, lokatza, lupetza… txokolate-festa.
Jeuss gidaria euri zaparrada batek nahastu eta GR-123 bidea seinalatzen duten arrastoak galduta ohiko bidetik atera gaitu. Eskerrak Engel-ek indigena bati galdetuta Plentziako Txipio auzorako bidean jarri gaituen…
Eguraldi ederra izan dugu, udaberrikoa, basoak berdetzen duten horietakoa.
Plentziako zubiaren bestaldean kafe-esnea gure zain. Bideari ekitekotan egon garenean… Beste zaparrada bat. Jeuss betaurrekodunaren azalpenak aditu behar izan ditugu, aterpean. Gaur egun Jai Alai pilotalekua dagoen gunean garai batean Gazteluondo izeneko marea-errota egon zela ikasi dugu, “Celangoa da Butroe oroc daquie”.
Taldekide batek ohartarazi gaitu: momentu honetan metroa hartu ezean, aurrerago kilometroak egin beharko ditugu. Hala ere taldeak batuta iraun du, pitzadurarik gabe! Aurrera egin dugu hamabostok.
Gandia auzoko (ez Gandias!) etxe ederren albotik Butroerako bidea (GR-280) hartu dugu. Bide bazterreko landareen artean “iodo-belarra” (Chelidonius majus) identifikatzen ikasi dugu. Hilzorian egon den Joseph Manoliusen zauria sendatzeko profitatu dugu.
Itsasadarrean gora Jean Felx botaniko jakintsuak erratzak, gorostiak, bioletak eta abar erakutsi dizkigu. Arbinako presara iritsi garenean Mart Hin irakasleak itsasadarraren amaieran eta ibaiaren hasieran ur gazi eta gezaren arteko aldea azaldu digu.
Aurrerago, Butroerako bidean txakur txikitxo bat gerturatu eta bidelagun izan dugu gazteluraino.
Tutatis arren! Butroeko gaztelua itxita! Burdinazko hesien gainetik oinaztarren esparrura iritsi gara. Gaztelu ondoan –eguzkitan! – otartekoak sabeleratu ditugu. Mart Hinek ardoz ospatu du gure garaipena.
Gazteluaren atzealdetik Dobaran auzoan barrena, baserri artean, Urdulizpolira iritsi gara, metro geltokira (15:20).
Euria- eguzkia, itsasadarra-ibaia, otartekoa-aroa, loreak-arantzan, xelebrekeriak-hizketagai sakonak… Ikusi eta ikustarazi. Hitz egin eta entzun. Hori bai, den-dena euskaraz! Hurrengora arte lagunok! Ah, eta txangoaren ostean… eztarriko minaren arrastorik ere ez daukat.
Harek esan eban lez: berba bitan: e-de-rra! Ze ona testua, azalpenak, argazkiak, loturak… Eskerrik asko Josu, Esther eta beste ibiltari guztiei! Hurrengoan bai lotuko gara!
Oh: Ro, ikusi duzu Gandia ez dagoala soilik Alacanten?