Pasa den larunbatean, maiatzaren 23an, Aratz mendira joan ginen. Beti bezala, Telletxeko parkinetik irten ginen 8:30ean. Momentu horretan euri-zaparrada bota zuen, baina, hala ere, txangoa egitea erabaki genuen. Beraz, Avanzada hartu genuen eta gero Gasteizerako autopista. Gasteizera heltzerakoan Iruñeko irteera hartu genuen eta Aguraingo bi sarrerak pasatu ondoren Araiako irteera hartu genuen.

ajuria eta urigoitia

Han bidea jarraitu genuen lantegi zahar batera heltzeraino. Bere izena Ajuria eta Urigoitia S.A. zen. Han bertan kotxeak aparkatu genituen eta beste berbalagun batzuekin elkartu ginen. Batzuk Iruñerrikoak ziren eta beste batzuk Gipuzkoakoak. Guztira 21 lagun ginen. Han eguzkia atera zuen eta Aratz mendira abiatu ginen. Gidaria geneukanez ez genuen galtzeko beldurrik. Eta txangoa hasi genuen.

Bidea aldapatsua zen baina oso ondo egin genuen,  batez ere pago-basoa zeharkatu genuenean. Basoa filmetan agertzen zen bezalakoa zen. Pagoak oso lodiak eta izugarri handiak ziren, eta haien sustraiak lurretik irteten ziren.

Gero 12:00etan zelai batean geldialditxo bat egin genuen indarrak hartzeko. Han behi batzuk belarra jaten oso lasai zeuden. Zerbait jan ondoren gure bidaia jarraitu genuen Aratz gailurrera heldu arte. Azken aldapa nahiko gogorra zen baina guztiok tontorrerino heldu ginen arazorik gabe. Paisaiak ahalegina merezi zuen.  Zur eta lur geratzekoa zen. Argazkiak ikusten badituzue konturatuko zarete zein polita den.

Haizeak gogor jotzen zuenez behera joatea eta leku babestu batean bazkaltzea erabaki genuen. Itzultzeko bidean Gabri harrituta geratu zen behiak baso erdian ikustean. “Behi euskaldun baten memoriak” gogorazi zigun.

 

Jaitsiera nahiko lasaia izan zen, arazorik gabe. Kotxeetan sartu ginen eta 17:40an Algortako bus geltokian geunden.  Primeran pasatu genuen.

Araceliren kronika duzue hau. Eskerrik asko gure kazteriari!!!

Mintzapraktika egitasmoetako lehenengo irteera bateratua izan da hau. Ea hurrengo batean elkartzen garen berriro, guk Bizkaiko kostaldea proposatu dugu… bitartean ondo segi, eta Gasteizko Mintza egunean elkartuko gara.