Bilbo eta Laudio arteko ibilbidea egiteko asmotan abiatu ginen zazpi lagun pasa den larunbatean, ekainaren 27an hain zuzen ere. Gehienak Algortatik zetozen eta niri, Bilbon, haien zain egotea tokatu zitzaidan.

Erreportaje fotografiko zabala egin zen, Josuri esker, nahiz eta bere kamara batez ere loreak  ateratzeko prestatuta egon.

Pagasarrira ailegatu ginenean betiko atsedenaldia egin genuen energia pixka bat hartzeko, eguzkitarako krema eman, argazkiak ateratzen genituen bitartean formal-formal egonda… Ondoren Ganekogorta mendirantz abiatu ginen. Baina, Pagasarriko aldapak igo beharrean Ganekogorta inguratzea hobeto iruditu zitzaigun.

Egun ederra eduki genuen baina sargoritsua ere bai; ikaragarri eskertu genuen Ganekogorta atzean utzi izana, batez ere Felix, Agurtzane eta hirurok gure bertigoa dela eta.

Handik Laudiora abiatu ginen Gazteluzaharretik, Kamaraka ezkerretara utziz. Baina Laudiora ailegatu baino lehen bazkaltzeko gunea aukeratu genuen: Santa Luzia (Ermuko Andra Mari). Pixka bat berandu zenez janaria gogoz hartu genuen nahiz eta  ardorik ez eduki eta gure albokoek zeukaten musika zaratatsuak hango lasaitasuna apurtu. Ermita handia da eta kanpotik oso ondo apainduta dago.

Ezki baten itzalpean bazkaldu ondoren Isusi izeneko auzo dotorea zeharkatu eta Laudiora. Han edari freskagarria hartu genuen, Herriko jaiak zirenez dendak itxita zeuden eta jendea atsedenean, lasaitasuna zen nagusi. Handik hurbil Renferen tren geltokia zegoen; Bilbora ailegatu ginenean arratsaldeko zazpian ziren.

Aurtengo mendi-irteerei agur esateko, beti bezala, oso ondo pasatu dugu.

Datorren irteera arte. Ondo pasa uda!! (Eskerrik asko Rosa, kronikagatik).