Getxoko 35 eragilek baino gehiagok (euskaltegiak, euskara-elkarteak, ikastetxeak, komunikabideak, kultura- eta kirol-elkarteak, gaztetxeak, etab.) martxan jarri genuen atzo Sarea josten ekimena. Ekimen honen bitartez Getxoko euskaldunak eta euskaltzaleak elkartu nahi ditugu, elkar ezagutzeko eta jarduera xume batzuk elkarrekin antolatzeko.

Atzo izan zen aurkezpen-koktaila Algortako Aldai Patronatuan eta ekimenaren nondik norakoak azaldu ziren: datozen asteetan bilera gehiago egingo ditugu eta apirilean bi asteko jarduera-programa bat osatzeaz gain, parte-hartzaile guztien erakusketa bat eta irratsaio batzuk ere egingo dira. Ekimenaren amaiera apirilaren 24ko herri-bazkaria izango da.

Ekimena herriko elkarte eta talde euskaltzale guztiei zabalik dago, parte hartu nahi baduzue esan, eta lotuko gara.

Sarea josten

Euskararen alde modu batera edo bestera lanean gabiltzanok, askotan erabiltzen dugu sarearen metafora. Getxo euskalduna nahi dugula edo Getxon euskaraz bizi nahi dugula esaten dugunean, sarea aipatzen ari gara. Euskararen sarea indartu eta zabaltzeaz ari gara, euskaldunon arteko harreman-sareaz ari gara.

Zer da sare bat? Sare bat da harien bitartez puntuak lotzen dituen osotasun bat. Sareak, beraz, bi elementu ditu: puntuak eta hariak, hariak eta puntuak. Puntuak euskaldunak gara eta hariak dira gure arteko harremanak. Eta biak dira garrantzitsuak eta ezinbestekoak sarea osat zeko. Punturik edo haririk ez badago, sareak zuloak izango ditu eta ez da sare izango.

Hemen elkartu garen guztiok lanean gabiltza Getxoko euskararen sarearen punturen batean: euskaltegia puntu bat da, berbalagun-taldea puntu bat da, institutua, guraso-elkartea, taberna, familia, koadrila, euskarazko komunikabidea… Horiek denak puntuak dira, horietan euskaldunak daudelako. Getxoko euskararen sarean puntu asko dauzkagu, uste baino gehiago. Hala ere, puntu asko falta dira oraindik eta falta direlako zuloak daude sarean; joango gara sarea ehuntzen, bagabiltza josten.

Baina puntuak ez dira bakarrik taldeak edo elkarteak edo erakundeak, ez dira bakarrik lehen aipatu ditugunak. Gutako norbanako bakoitza puntu bat da Getxoko euskararen sare honetan. Euskaldun bakoitza, euskaraz komunikatu daitekeen bakoitza, euskara ulertzen duen bakoitza, puntu bat da. Eta ez gara puntu gutxi Getxon. Uste baino gehiago gara. Eta berriro azpimarratu nahi dugu, eta zentratu gaitezen horretan: puntu asko dauzkagu, uste baino gehiago.

Eta, lehen esan bezala, sarea egiteko, puntuak bezain garrantzitsuak dira hariak, eta uste dugu Getxoko euskararen sare honetan puntu gehiago dauzkagula hariak baino. Institutuko ikasleek tabernariarekin euskaraz egiten badute, badago haririk; euskaltegiko euskara ikasleak udaleko langile euskaldunarekin euskaraz egiten badu, badago haririk; koadrilako lagunek ere UK irakurtzen badute, badago haririk. Hariak lotzen ditu sarearen puntuak, familia barruan, koadrilan, gurasoen artean, lankideen artean.

Goazen bada, orratzak hartuta Getxoko euskararen sarea jostera, denon artean, euskal kanta zaharrak dioen moduan: …kolpe, kolpe, kolpeka, josi eta josi, josi eta josi!