Pasa den larunbatean 15 lagunek eta txakur batek (16 lagunek) ibilbide bat egin genuen gure ondoan dauden mendietatik, Munarrikolanda hain zuzen ere. Eguraldia kontra izan arren, ausarti horiek 9etan atera ginen Algortatik. Hasieratik sufritu genuen elurra, kazkabarra, euria eta hotza. Goiza pasa ahala, eguraldia hobera joan zen, eta ibilbidea gustura egiten utzi zigun. Atera bezain laster ikasten hasi ginen, bai toponimiaz, bai bidean zeuden baserriez… Berangoko hilerritik pasatu ginen. Bere atari bitxia ikusi genuen eta mendiko ibilbidea hasi genuen. Hasieratik konturatu ginen bidea lokatzaz beteta izango zela (eta nola gainera). Han dauden aurre-historiako tumuluei buruzko zerbait gehiago ikasi genuen eta mendi lerrotik paseo polita egin genuen.
Lokatzaren eguna zela esan liteke. Hasieran, lokatza saihesteko, Orinokoko oihanetik sartu ginen. Erdi galduta, erdi dibertigarria, erdi… amaitu genuen lehengo lekuan, lokatzaren aurrean, irribarre eta komentario barregarrien artean. Dena den, burutazio horri esker Guda Zibileko trintxera bat ikusi genuen (zenbat sufrimendu!, zenbat beldur ikusi duen trintxera horrek!).
Lokatza eta errepidea pasa ondoren, Sustatxa baserrietatik itzulia hasi genuen, eta… Beste burutazio bat, bide ona aukeratu beharrean Iturgitxi bidetik jaitsi ginen, edo irristatu ginen, ez dakit ondo.
Zorionez, zibilizaziora heldu ginen irribarre artean eta hor, lokatza pasatuta (ahaztuta ez), ordu bietako hamaiketakoa egin genuen, bai gazta, bai urdaiazpiko… zalantzarik gabe une onetarikoa izan zen guztiontzat, txakurrarentzat izan ezik, gizajoak ez baitzuen ezer jan. Komentarioak, bromak eta, nola ez, Josuri esker astia izan genuen Itza toponimoa nondik datorren jakiteko. Disfrutatu genuen eguna, ez zen nekatzeko ibilaldia eta gainera, azkenean, eguraldia gure alde izan genuen.
Zer gehiago eska daiteke? Natura, Kultura, adiskideak, Rozioren gazta goxoa… Goiz borobila, dudarik gabe.
Eskerrik asko Jon Ander eta Armandori, kronika eta azalpen onengatik! Baita Mikel, Iñaki eta Josuri ere, prestaketa eta gidari lanak egiteagatik. Hurrengo irteera elurretara egingo dugu, iraupen-eski ikastaroa dugu martxoaren 6 eta 7an Somporten, bazatozte?
Leave A Comment