Zuetako askok bizikleta duzue etxeko ganbaran gordeta eta denbora dela, lana dela edo nagia dela ia inoiz ez duzue erabiltzen. Hori aldatzeko proposamen interesgarria dugu zuentzat.

BIZIKLETA-TALDEA

Zer da? Zertarako da?
(Berba)lagun: askotan esan diguzu bizikleta duzula, baina lana dela, nagikeria dela, edo bestea dela, ia ez duzula bizikleta hartzen urte osoan zehar eta bizikleta ganbaran nola hankak ere horrela herdoiltzen zaizkizula. Hori konpontzeko, jende berria euskaraz ezagutzeko eta eskualdea eta inguruak goitik behera ibiltzeko talde hau sortu nahi dugu, mihiari eta hankei goroldiorik ez lotzeko.

Noiz hasiko gara?
2010eko urrian hasiko gara eta 2011ko ekainera bitartean (ikasturtean zehar) egongo gara, beti hileko lehen larunbatean, 9:00etan hasita.

Non lotuko gara?
Beti irtengo gara Algortako metro-plazatik, Telletxetik.

Zer egingo dugu?
Ikasturtearen aurretik irteeren egutegi bat prestatuko dugu denon ekarpen eta ideiekin, eta egutegi horretan agertuko dira ikasturtean zehar egingo ditugun irteerak, bakoitzaren ibilbidea eta kilometro-kopurua. Eguraldiaren arabera eta bestelakoen arabera irteera eta ibilbide horiek moldatu edo aldatu ahal izango dira, jakina.

Ibilbideen ezaugarriak:

Inguruetan.
Abiapuntua beti izango da Algorta eta, horregatik, oso urrun ez gara joango; batez ere Uribe Kosta, Ezkerraldea, Meatzaldea, Txorierri, Bilbo aldea eta Uribe-Butroen ibiliko gara.

Ez oso luze, ez oso zaila. 2-4 orduko txangoak izango dira (25-40 kilometro) eta aldapa gogorregiak saihestuko ditugu. Hori bai, talde hau izango da apur bat ‒baina ez gehiegi‒ sasoiko daudenentzat. Beraz, badakizu, hiru hilabete dituzu aurretik pilak jartzeko eta ibiltzen hasteko!

Lehiarik ez. Hau ez da lasterketa izango, ez dago irabazlerik, denok elkarrekin eta suabe-suabe, konpainiaz eta bidaiaz gozatuz.

Bide lasaiak. Lehentasuna izango dute trafikorik gabeko edo trafiko gutxiko bideek, eta
errepide nagusiak ekidingo ditugu.

Barne-turismoa, euskaraz, konpainia ezin hobean. Uste duzu ondo ezagutzen duzula zure herria, eskualdea eta inguruak? Txoko eta bide berriak deskubritu nahi? Jende jator euskaldunarekin kirol apur bat egin gura duzu? Bizikleta prestatu eta animatu, hauxe duzu aukera!

Nola eman izena?
Telefonoz: 685 732 963 (Lander)
Posta elektronikoz: egizugetxo@gmail.com


2007an Bardeetara egindako txangoa

Aitzakia badugu entrenatzen hasteko: irailean Ungari mendi-taldeko lagunekin batera Bardeetara joango gara. Orain dela urte batzuk asteburu pasa egin genuen bertan, eta hementxe dituzue argazkiak.