Bebalagunak: masa-fenomenoa

Bebalagunak: masa-fenomenoa

Mintzapraktika hitza ez da berria, euskara ikastearekin lotuta dago, aspaldian gainera.

Donostiako Bagera euskara-elkarteak 1993. urtean lehen berbalagunak antolatu zituen eta AEK-k eta Topaguneak duela urte batzuk tradizio horri zabalkundea ematea pentsatu zuten, eta hor ibili dira berriketak eta berriketariak ugaltzen, gero eta leku gehiagotan eta gero eta jende gehiagok euskarazko hitzordua agendan. Inbertsioa egin da horrela izan dadin, eta inbertsio horrek zer eman duen jakin beharra egon da. Euskara ikasteko baliagarria izan da? Euskara gehiago egin dadin balio izan du? Pozik egon da jendea?

Eusko Jaurlaritzaren eskutik Aztiker enpresak egin du horren peskiza, eta aurkeztu digute Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzen ikerketa. Hor egon dira Aztikerrekoak beraz, haien aurrean AEK eta Topaguneko ordezkariak eta HABEren zuzendaria EJren Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzaren izenean.

Eta emaitzak? Hemen duzue laburpena eta hemen txosten nagusia. Etengabeko hazkundea azken urteotan, hedapen geografiko zabal-zabala, asebetetze handia partaideen aldetik, eta euskara hobetu eta gehiago erabiltzen dutela hauteman dute partaide gehienek.

Datu batzuk:

2004-2005 ikasturtean, Euskal Herriko 20 herritan, 1.041 berbalagun (Getxon 80 berbalagun 14 taldetan)
2010-2011 ikasturtean, Euskal Herriko 100 herritan, 4.000 berbalagun (Getxon 230 berbalagun 28 taldetan)

Asmoak betetzen diren seinale, nonbait. Hala laburtu dute ondorioetan Aztikerreko kideek: partaidetzak izan duen hazkundea ikusita masa-fenomeno baten aurrean gaudela esan daiteke, bistan dago jende askoren behar izanak asetzen dituen ekimena dela eta hor dagoela nonbait arrakasta sozial horren giltzarria. Horixe izan daiteke berba: arrakasta.

Iturria: Benitoren karrajua.org