Koldo Izagirre "Autopsiaren frogak" aurkezten, zz, Creative Commons By SA
Argazkia: zuzeu, Creative Commons By SA

Atzo izan zen Koldo Izagirre Martin Ugalde foroan, politikaz berba egin zuen, euskaldunok behar dugun politikaz, eta horregatik konpartitu nahi ditugu zuekin ideia hauek. Autopsiarako frogak liburua ere gomendatzen dizuegu, Susa argitaletxeari esker, interneten bertan irakurri daitekeena (eskerrik asko, Susako lagunei!).

“Euskara politikan sartu eta indar politiko bihurtu behar da”

“Elebitasun ofiziala hizkuntza bat bestearen menpe jartzeko tresna da”

«Beste mundu bat posible dela esan izan dugu, bada esan dezagun, ez posible, baizik eta beharrezkoa dela beste mundu bat»

“Euskarak eta euskaldunek aurrerapauso bat eman behar dugu, eragin politiko zuzena izateko”

«Badakit hizkuntzak ez digula ematen programa politiko bat. Baina ezin gintezke esperoan egon: froga franko dauzkagu harresi baten barruan gauzkatela jakiteko. Profita dezagun horixe bera euskara indar politikoa bihurtzeko. Euskara despolitizatu behar dela hainbeste entzuten dugun uneon, euskarak politikan sartu behar du, bera, bere buruz, bere gain, ez bestek eramana»

Euskara despolitizatu egin behar dela diotenen hitzak ekarri zituen gogora Izagirrek, euskara zer nola tratatzen duten ulertzeko. Patxi Lopezena, indarkeriaren amaierak behin betiko euskara askatasunarekin lotuko duela esan zuenekoa. Eta baita Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailearenak: «’Terrorismoak guztia baldintzatu du euskal gizartean urte luzetan, eta, jakina, baita hizkuntza ere’. Baita hizkuntza ere… Hizkuntza? Baina ez al gara ba gizarte elebidunean bizi? A, ez! Bestea ez du kutsatu ahal izan terrorismoak. Gaztelania ez-baldintzagarria da, ez-kutsagarria, ez-manipulagarria… Gaztelania askatasunaren eta eskubide zibilen tresna da. Euskara terroristena».

Blanca Urgell Kultura sailburuaren esan bat bat ere jarri zuen adibiderako: «’El euskera también es de quien no tiene interes por él’. Horren azpian dagoen logika politikoa hauxe da: el euskara es del castellano, la lengua vasca es un patrimonio de la lengua castellana. Pauso asko eman dira norabide horretan. Elebitasun ofiziala da adibide bat: euskara gaztelaniaren lagungarri ageri da beti eta edonon»

«Hizkuntzak multzoak sortzen ditu. Mendiek, ibaiek, haranek ere multzoak sortzen dituzte. Baina memoria historikoan batzen gaituena kantu bat da, bertso sail bat, erdaldunak ginenean norbaitek euskaraz ziguneko zirrara hura, euskaraz egiteagatik jendea kartzelaratu izan zutela jakitea, poema hau… Hizkuntza gure sentimenduen azpiegitura da. Horrek egiten gaitu herri»

“mundua «gu bezalakoz» betea dago: «Mundua okzitanoz, guaraniz, mambaraz, wolofez, bretonez, katalanez, frisioz, galegoz, korsikarrez betea dago»

Euskararen historia eta egoera ezin dira ulertu, «ez bada kontuan hartzen gure gaineko hizkuntzek eduki duten rola errealitate linguistikoaren eraikuntzan. Ondokoa genuena gaineko bihurtu digute. Gu azpiko». Euskara «menderatzaileak» kategorizatzen duela adierazi zuen Izagirrek. «Aspaldi honetan maiztxo entzun izan dugun legez, euskarak, euskal kulturak erakarri egin behar baldin badu, hauxe da gizartean txertatzen den mezua, pozoia: Euskara eta euskal kultura ez dira erakargarriak. Erakargarria erdara da, erdarazko kultura». Autopsiarako frogak-en egilearen iritziz, «horrela ere sortzen da ideologia arrazista, hizkuntzen kategorizazioaren bitartez».