Taldea Pagoetan. Argazkia: mimadeo

Taldea Pagoetan. Argazkia: mimadeo

Maiatzaren 21ean joan ginen Getxoko berbalagunok Pagoetara, aspaldiko partez prestatu nahi izan genuen txangoa, eta Josuren laguntzari esker, besteak beste, egun ederra izan zen. Gomendagarria guztiz, batez ere udaberrian. Hone hemen Josuren kronika:

10:15ean iritsi ginen Iturrarango intrepretazio zentrura. Pagoetako bihotzean dago XV. mendeko baserria da haritz-egur ederrez eraikitakoa. Bertan Azpeitiako gida jator bat geneukan zain irribarrea ezpainetan. Pagoetari buruzko azalpen orokor batzuk eman zizkigun: kokalekua, klima… Gero bideo labur bat jarri zigun (pagoetako flora eta faunari buruzkoa; orokorregia, aukeran). Ostean, Pagoetako basoetan barrena eraman gintuen azpeitiarrak (ala azkoitiarra zen?). Basoak ezin berdeago: haritzak, haltzak, lizarrak, hainbat garo ezberdin… Manterolako burdinolari (burdinola txikia) buruzko azalpenak eman zizkigun. Aurrerago errotei buruzko hainbat konturen berri eman zigun (hiztegi aberatsaz liluratu gintuen) eta Agorregi burdinolan prozesu guztiaren nondik norakoak eman zizkigun: Bizkaiko burdin harria erabitzen zutela, AGORr-egi izenaren azalpen argia (ur gutxitxo zegoela burdinola behar zen bezala ibiltzeko…).

13:10ean amaitu genuen bisitatxoa Agorregiko burdinolan bertan. Berbalagunek esan zutenez oso euskara ulergarria (konberjentzia linguistikoa, karkar) eta azalpen pedagogikoak. Kontu bitxiak, pasadizoak… denetarik azaldu zigun.

Ez geneukan oso argi zer egin… Mikelek (GPS-man) proposatzen zuen 11 kilometroko txangoa egitea (Pagoeta mendi tontorra barne) ala patxadaz ibiltzea, lorategi botanikoa bisitatzea… Bero egiten zuen eta piztia goseztook erabaki genuen Aia herrira joatea eta bertan bazkaltzea. Aia herri dotorean (Goenkale moment: arlkitektura, herri-kirolen zantzuak…) batzuk eguzkitan eta beste batzuk itzalean Bizkaitik eramandako jaki gozoez berdindu genituen urdail zaratatsuok. Egon zen aldameneko tabernatik ekarritako sagardo finaz egarria kendu zuenik. Izozkijale franko ere egon zen taldean.
Bazkalostean, Mikel argazkilari finaren zuzendaritzapean argazki-kamera limurtu genuen, gupidagabeki, itsas laminak baiginan… Horrela betikotu gintuen teknologiak.

Aiatik behera egin genuen gero, Agorregira iritsi eta handik Pagoetako lorategira. Lorategi erdi-erdian atseden hartu genuen eta hitzaspertu dotorean izerdiak lehortu eta gero taldekide batzuek espedizioa utzi eta oinarrizko kanpalekura abiatu ziren: Mikel, Arrate, etab. Lorezaleok lorategi bakartia miatzeari ekin genion orduan. Aitor, bide bazterrean geratu zitzaigun biago goxoa egin asmoz, hori bai ibilalditxoa amaitutakoan bere bila joan gintezen erregututa… Arrosak, gorostiak, kuku-prakak… hango eta hemengo landare, zuhaixka eta zuhaitz tantai ikusi genuen.

Atsedengune batera iritsita… batzuk eguzkitan paratu zituzten gorputz lerdenak, belargain gurian. Bitartean, besteok mundua aldatu genuen: Obama, “indignadoak”, gastu-militarra… izan genituen hizpide. Aparkalekura eta Getxora, hausnarketa-txango ederra amaituta…

Josu