Getxon euskaraz bizitzeko beste esparru bat sortzeko asmoa dugu. Ortu baten inguruan euskaldunok euskaraz elkartzeko asmoa; nekazaritza, elikadura, harremanak eta hizkuntza uztartzeko asmoa. Martxoaren 16ra arte epea duzu izena emateko interesatuta bazaude.
Asmo berri honen ezaugarriak
• Hizkuntza: eremu horretan euskaraz bakarrik mintzatu ahal izango gara eta ingurukoekin ere bai, ahal den neurrian. Aholku-lanetarako hartu-emanak (nekazari, aditu, liburu, …) eta hornitzaileekikoak (hazi eta landare saltzaile, lanabes dendari, …), euskaraz izan daitezen saiatuko gara. Hortaz, euskara hutsean biziko den eremua izateaz gain, berarekin lotura duten eremuetan ere euskara zabaltzen arituko gara.
• Ekologia: nekazaritza era ekologikoan garatuko dugu. Koherentziaz, bertara hurbiltzeko ere aukera ekologikoak baliatuko ditugu (herritik gertu dago, bidegorria dago bertaraino, autobusa ere bai), eta, bide batez, ingurua kotxez betetzea eragotziko dugu.
• Auto-elikadura: norberarentzako elikagaiak ekoitziko ditugu bertan, norbera eta etxekoak elikatzeko.
• Ekoizpen eta banaketa mugatua: soloan lortutako elikagaiak ez ditugu salduko ez eta soberakinak banatuko, ekoizpen horretatik bizi direnei kalterik ez egiteko (inguruko baserritarrak eta herriko kontsumo-taldeak).
• Talde-lana: Taldean egin beharreko lana izango da. Kopurua zehazteke dago, baina 6-10 pertsona-etxe izan daitezke, gutxi gorabehera.
• Gune irekia, ez txokoa. Euskaraz mintza nahi duenarentzako irekia.
• Gune hedatzailea, zabaltzailea. Zer zabaltzeko? Euskara, ekologia, Azkorriko nekazaritza-gunearen babesa, eta abar.
• Euskararentzako beste indargune bat, gainontzekoekin sarean lotua.
Kokapena
1.500 m2 dituen landa-eremua, zelaia, belarra, fruta-arbola ugariz betea, Getxo zaharreko Andra Mari inguruan, Diliz estartan, Enea tabernaren atzean.
Urratsak
• Proiektua zehaztu eta zabaldu ohiko bideetatik: Internet, komunikabideak, herrian…
• Lan-taldea sortu: bilera bidez asmoak, gogoak,… elkarbanatu.
• Antolaketa adostu eta zehaztu.
• Partaideak zehaztu. Partaidetza zehaztu.
• Ekonomia-kontuak zehaztu.
• Ortua sortu.
Denbora
Bazkide bakoitzaren parte-hartze denbora zehazteko neurgaia soloaren ziklo naturala izango da, alegia, urtea: udaberritik negura, haziak ereite, ernetze, hazte, heltze, ontze, batze, ihartze eta usteltzearen aroei jarraituz.
Dirua
Ekimen honek baditu diru koste batzuk:
• Alokairua: jabeari alokairua ordaindu behar zaio, hilean 100,00 €.
• Lurra prestatzeak ekar ditzakeenak: lurra irauli, ongarritu eta xehatzea.
• Haziak eta landareak erostea.
• Ura, urontziak eta ureztatzea.
• Lanabesak.
• Etxola, hazitegiak eta abar.
Parte hartzeko baldintzak
• Gutxienez urtebeterako hitza eman behar du parte-hartzaileak.
• Gastuen ordainketan parte hartu behar du dagokion zatiarekin.
Azken oharra
Soloaren jabearen oharpena: lur sail hori inguru horretako etxegintza-plangintza barruan dagoenez, berau abian jartzen denean, soloa bereganatu egin nahi du, bertan etxetxoa egiteko asmoa baitu. Esan berri diotenez, kontu hori ez omen da mugituko urte askotan.
Kaixo Rozio,
Zer ideia ona! Asko gustatzen zait, eta interesatuta nago
Berriak daukazuenean, bidali mesedez.
Posta elektronikoa nahiago dut mugikorrean jasotzen dut eta, beraz dena idatzita dago eta errezagoa da.
Eskerrik asko!
Jon
Ederto! Proiektuak aurrera egin ahala informazioa bidaliko dizugu.
Ondo ibili 😉
Garazi
Egun on. Oso interesgarria ikusten dot proiektu hau. Ni be prest egongo nintzateke.
Abisatu zeozer berririk daukazuenean!!!
Eskerrik asko eta ondo ibili
Apuntatu zaitugu interesatuen zerrendan. Aurrerago antolatuko dugu bilera bat eta esango dizugu noiz eta non izango den.
Ondo ibili 😉
Garazi
Iepa!
Oraintxe ikusi dut sOrtua proiektua eta interesatuta nago, ez bada berandu.
Bilerarik egingo baduzue abisatu.
gero arte
Posta elektronikoz erantzun dizut, Galder.
Lander
Aupa !
oso interesgarria iruditzen zaidan proiektu honen partaide izatea gustatuko litzaidake, horregaitik bertan mugitzen den informazioa eskuratu nahiko nuke.zuen erantzunaren zai agurtzen naiz. eskerrik asko!
Posta elektronikoz erantzun dizut, Irantzu.
Ondo izan,
Garazi