Taldekideak latsarrian

Taldekideak latsarrian

Eguraldi txarra iragarri baziguten ere, 25 bat berbalagun abenturara joan ginen, ezezagunaren bila: zeintzuk izan ziren lehenengo ur-azpiegiturak? Uraren partzuergoak dauzkan tutu zaharrak? Erabili gabe dauzkan garabiak eta makinak? Izenburu kriptikoa zen, baina latsarri bat eta malakate bat agertzen ziren karteletan.

Lehenengo ustekabea izan zen, eguraldi oso ona izateaz gain, ikustea Tartangako latsarria oso umila eta sinplea izan arren, bere barruan hamaika datu daudela: zertarako egin zen, zein testuingurutan, zer den higienismoa (jan baino lehen eskuak garbitzea baino gehiago omen da), langileen bizimodu latzak, kolera, etxe merkeak, emakumeen bizimoduak… Hori dena eta gehiago hiru horma eta lau ur-putzu artean. Berbotseko lagunek esan ziguten agian Udalak, gau hartan bertan, margotu eta garbitu zuela latsarria), beraz, egoera onean zegoen, zoriondu behar da Udala, gutxirekin emaitza itzela lortu du eta. Inork ez zuen esan, baina uraren zurrumurruak ere beste leku eta data batzuetara eramaten gintuen.

Eguzkia erregea zen, pronostikoaren kontra, eta Getxoko malakatea bisitatu genuen. Hau Udalak ez zuen margotu (agian ez zekien joango ginela). Hemengo azalpenak teknologikoagoak ziren, Elorrietako ponpa-etxea, tutuak, tunelak… hainbeste tramankulu daude etxetxo horien azpian? Hainbeste kilometro? Paseotxo bat egin genuen, beste malakate bat ikusteko, xumeagoa eta Bilboko armarririk gabe. Espainiako lehen saneamendu modernoa, Bilbainada izan eta Getxon egon, hori da hori.

Aginduta zegoen bezala, hamaiketako bat banatu ziguten, hamaiketako beganoa, non dago urdaiazpikoa? Non tortillak? Non txistorra? Non txakolina? En fin, bazkaltzera ez ginen joan. Amaitzeko, Plentziara hurbildu ginen. Hango mendiko puntan urtegi zahar bat dago, estilo berekoa eta testuinguru berekoa, utzita eta ezkutatua. Pena da.

Gure gidariak ondo azaldu zigunez, hori dena ondarea da, eta guk ikusi ez arren, horren atzean lan asko eta aldaketa sozial zein teknologiko ugari dago. Txorrota zabaldu ondoren ura besterik ez dago gaur egun, baina belaunaldi askoren lana eta historia dago txorrotaren atzean. Ondo ulertuta mezua. Gezurra dirudi: gure inguruko gauza arruntenen atzean zenbat informazio interesgarri ez dugun ezagutzen.

Oso eguraldi ona, azalpen onak, jende ona eta ikasitakoa ere ona. Biribila. Hobe liteke?. Ematen du baietz, Sopelako Aitxuko lagunek esan baitzuten hurrengoa errotari buruzkoa izango dela, eta talo–tailerra (eta jana) edo halakoa egongo dela; beraz, berbatxango kulinarioa ere bai, agian jabugo, txakolina eta txistorra hor egongo dira. Zaila du Berbotsek maiatzean hobetzeko.

Adi egongo gara.

Armando Llamosas (Irakurri bere blogean publikatutakoa)Beheko argazkiak: Mikel Begoña Aitxu!-ko kidearenak