Nongoak zarete? Zenbat urte dituzue? Zenbat urte daramatzazue Getxon?
Denak gara Getxokoak, aspaldi Euskal Herrian bizitzen daraman valentziar bat izan ezik (Sandra). Gure adinak 22-28 urteen tartean dabiltza, eta gehienak txikitatik ibili izan gara Getxon.
Noiz ireki zen Eztabaida Gunea? Zenbat langile zarete?
Eztabaida Gunea orain dela 3 urte zabaldu zen. Proiektua berez 2-3 pertsonak hasi zuten, baina urte hauetan hainbat pertsonak parte hartu dute modu eta iraupen desberdinekin. Gaur egun 6 pertsona egon arren, beti lagundu izan digute inguruko pertsona askok. Proiektua antiautoritario bezala definitzen da, eta jerarkiak (nagusi-langile sistema) autoritate kutsu handia daukala ulertzen dugu. Horregatik, asanbladan elkartzen gara, denok maila berean erabakitzeko ahalmena dugularik. Eztabaidan egiten dugun lana, ez da asalariatua-ordaindua (horrek ez du esanahi lana ez denik), lan militantea baizik.
Zer topatu dezakegu bertan? Ezer berezirik?
Argi utzi nahi dugu Eztabaida Gunea elkargune bat dela. Egia da liburuak, fanzineak, diskak…salgai ditugula, kanpotik liburu-denda soil bat eman dezakeela, baina guk nahiz beste kolektibo batzuek antolatutako ekimenak ere badaude. Bertan topatu daiteken materialak nahiz ekimenak kontrainformatiboak dira, antiautoritatea eta antikapitalismoari lekua ematen saiatzen gara, nahiz eta batzuetan kontraesanak aurkitu.
Zelan dabil “negozioa”? Krisia igartzen da?
Gu beti gaude krisian (kar kar). Ez da erraza lokal bat ordaintzea eskaintzen dugun material “bereziaren” salmentarekin. Hala ere, gure helburu nagusia sistema hau aldatzeko ikuspuntu kritikoa eta aktiboa eskaintzea da, kontrainformazioa eskaini sistema kapitalista aldatzeko. Noski, materiala saldu behar da fakturak ordaintzeko. Agian sistemaren krisiarekin jende gehiago hurbilduko da erantzunen bila.
Garrantzitsua da euskara zuentzat? Zergatik?
Hizkuntza herri txikien eta euren kulturaren erresistentzia puntu nagusietariko bat da. Horregatik (beste arrazoi batzuen artean) garrantzitsu ikusten dugu euskararen defentsa eta erabilpena. Lokalean material asko euskaraz daukagu.
Leave A Comment