Nongoa zara? Zenbat urte dituzu? Zenbat urte daramatzazu Getxon?
Erromokoa naiz eta betidanik bertan bizi izan naiz. Aita (nahiz eta hemen ez jaio), amaren familia eta osabak oso ezagunak dira Erromon, beti egon dira hemen, ikasten, kuadrilarekin poteatzen, jaiak antolatzen, Erromoko gauzetan parte hartzen… Orain dela 36 urte, jaio bezain laster hona etorri eta hemen geratu nintzen, eta pozik, e!, ez dago leku hoberik!!!
Noiz ireki zen Gobelaurre liburu-denda? Zeuk ireki zenuen? Zeu zara nagusia? Zenbat langile zarete?
Liburu-dendak nik beste urte dauzka. Azken 30 urteotan, Mari Cruz izan da negozioa aurrera eraman duena baina iaz uztea erabaki zuen eta nik hartu nuen urtarrilean. Harrezkero, Mari Cruzek irakasten eta laguntzen dit, eta horrek ziurtasuna eta lasaitasuna ematen dit. Beste lagun batzuk ere badaude nire ondoan laguntzen, baina orain ezinezkoa da inor kontratatzea lanerako.
Zer topatu dezakegu liburu-dendan? Ezer berezirik?
Ia-ia denetarik daukat, orain euritakoak ere saltzen ari naiz, jajaja!!! Eta dendan ez badaukagu, bilatu eta lortuko dugu, ziur!!! Markako motxilak, euskarazko liburuak edota eskulanak egiteko tresnak ere baditugu.
Zelan dabil negozioa? Krisia igartzen da?
Bueno, bai, nabaritzen da, batez ere, jendea beldurrez dabil eta ez du gehiegi gastatu nahi. Hala ere, irakurtzea gustuko dutenak badira, eta eskolek zein institutuek materialak eta liburuak behar dituzte, bai irakasleak bai ikasleak eta hona etortzen dira behar duten guztia eskatzeko. Krisialditik ateratzeko gastatu behar dugu, eta auzoko dendetan egiten badugu, hobe. Aurrera joatea eta krisialdi hau lehenbailehen pasatzea espero dut.
Garrantzitsua da euskara zuretzat? Zergatik?
Nik A ereduan ikasi nuen eskola publiko batean, Maria Goiri eskolan, hain zuzen ere. Euskara beste gai bat besterik ez zen baina, ahal bezain pronto, Erromoko euskaltegian sartu nintzen, eta han urte asko eman dut lan eta lan, ikasten eta ikasten, euskara jakin arte. Euskara ikastea asko kostatu zait eta horrexegatik garrantzia handia ematen diot euskarari. Izan ere, liburu-dendara etortzen diren umeekin, irakasleekin eta gazteekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Badago euskara maite dugunok kontuan hartu behar dugun esaldi bat: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”
Leave A Comment