Hilaren 15ean Torrene aretoan bildu ginen ikasturte berriari ongi etorria emateko. Primeran egon ginen: olgetan, kantetan eta jaten eta edaten noski!

ALBEko bertsolari gazteak gurera etorri ziren eta kopla bat eskaini ziguten 😉
Mila esker, Itxaso eta bertsolari gazteak, mundialak zarete!



BERBA BERTSO LAGUN

Berba lagun
Gara gau ta egun
Ea gaur denok
Goza dezakegun!

Arratsaldeon, kaixo,
Guztiok batera
Gatoz arratsaldea
Bertsotan piztera

Berbalagun hauekin
gaituzte elkartu
gure miresmena ta
kopla hauek hartu

Berba lagun
Gara gau ta egun
Ea gaur denok
Goza dezakegun!

Langabe bazabiltza
ez izan alferra
euskara ikasteko
momentu ederra

Ahaztu lotsa oro,
Zalantza zein kezka
Euskaraz bizitzea
Baino hoberik ez da!

Berba lagun
Gara gau ta egun
Ea gaur denok
Goza dezakegun!

ALBE bertso eskola
denon eskola da
gu ere berba lagun
bihurtuko gara

Pirritx eta Porrotxek
hau ohi dute abestu
Kantatzen ez duenak
Zorionik ez du!

Berba lagun
Gara gau ta egun
Ea gaur denok
Goza dezakegun!

euskara ez uzteko
hortxe bazterrean
praktikatu dezagun
berbalagunean

Laster berbodromoa
Algorta tarteko
bertan aprobetxatu
asko mintzatzeko.

Berba lagun
Gara gau ta egun
Ea gaur denok
Goza dezakegun!

hemen bildu zarete
zahar eta gazte
euskera gorenera
ailegatu arte

Hurrengorarte eta
Ez ahaztu bela
bertsolagunak ere
badituzuela!