Eski-ikastaroa Somporten

Eski-ikastaroa Somporten

Somporteko kronika idatzi du Josu Landetak eta hemen jarri dugu, argazkiak ere bertan dituzue hainbat kidek bidalita. Eskerrik asko Josuri eta joan zareten guztioi! Animatu eta segi argazkiak bidaltzen, albumean ipiniko ditugu denak.

Somporteko izara zurien artean

Martxoaren lehen eguneko arrastia amaitzekotan zela, lau gurpiletako erraldoiak (autobusaren tamainari erreparatuta behintzat) errepide grisetan barrena abiatu zen. Jakan Oroel hotelean hartu genuen ostatu.

Larunbatean, horra hor egun seinalatua. Luze barik Somporteko pistetan kokatu ginen. Eguzki Amandrearen epeltasunak, paisaiaren izara zurietako eremuetan barrena joatera animatzen gintuen. Jausi eta altxa, altxa eta jausi, plazera anestesiko, biharko minaren ardura izan barik genbiltzan kotoiaren berotasunean. Inguruan mendi gailur erraldoiak genituen zaindari, basoan pago eta izeiak ia igartzen ez zen haizearekin kantari. Haien laguntzan umeen jolasen garrasiak etorri ziren, haize tresna haien ondoan soka fineko biolinak izango bailiran.

Umeen taldea Iñakirekin

Umeen taldea Iñakirekin

Plazeretik plazerera, iluntzean menditik kalerako jauzia eman beharra zegoen. Ume, gazte eta nagusi, denok abiatu ginen musika alaiaren dantzak bultzaturik. Inguruan formazio militarrean zebiltzan danborren hotsek lehiakortasun zorrotza inposatu ziguten, baina minutu gutxitan dantzarien tropak aurreko kolpe zakar guztiak leundu zituen, lehengo zurruntasun bortxatua malgutu zuen. Eta zeresanik ez, dantza jirabiren osteko afari gozoak eguneko pastelari halako ginda eder bat jarriko ziola, egun osoko epeltasunaren apaingarri.

Somporten kalejira

Somporten kalejira

Igandean berdin, aurreko egunean bezain fin, baina basoaren sinfonia pitin bat indartsuago, zeren hala baitzebilen egun hartan altxatu zen haizea. Hala ere bere indarrean gozo, eta denon gorputzen inguruan fin eta eroso. Egun berriko ekimen gozo erakargarriek aurreko eguneko mozkorraldiaren minak ordezkatuko zituzten, ukenduak ubeldurekin egiten duen bezala. Eguna uste baino laburrago joan zitzaigun, laster izango genuen amaieraren ezinegona agerian, asteburuko izara zurien arteko une lasaien atzetik astegunetako malkarren grisa zain genuelako.

Azkenez berriz ere astegunak heldu dira, baina ez edonolako astegunak, minak min malkarretan barrena asteburu eder bat gozatu izanaren aho zapore ederra dugulako. Zalantzarik baduzu, begiratu bestela argazki eder hauei.