“ArgIHIzkiak” literatura-lehiaketaren erakusketa Erandion

“ArgIHIzkiak” literatura-lehiaketaren erakusketa Erandion

“ArgIHIzkiak” literatura-lehiaketaren erakusketa Erandion

“ArgiHizkiak” literatura-lehiaketako 12 argazki eta horietan oinarritutako euskarazko testu labur onenak biltzen dituen erakusketa irailaren 9tik 23ra arte bisitatu ahal izango da Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean. Erakusketa bisitatzeko ordutegia astelehenetik ostiralera izango da, 9:00etatik 21:00etara. Irailaren 12an, osteguna, erakusketaren inaugurazioa izango da Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean, 11:00etan; eta sari-banaketa, egun berean, 19:00etan.

Lehiaketa

Egizu Getxo euskaldun elkarteak eta UK aldizkariak, Uribe Kostako Mankomunitatearekin, Erandio, Leioa, Berango eta Getxoko udalekin, eta hainbat elkarterekin (Getxophoto, Berbots, Berbalamiñe, Leioako berbalagunak, Aitxu! eta Bizarra Lepoan, besteak beste), “ArgIHIzkiak” literatura-lehiaketa antolatu dute aurten ere.

Ekimen honen helburu orokorrak hauek dira: jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea, eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea. Horretarako, 12 argazkilariren argazki bana aukeratu ziren eta horietan oinarritutako testuak idatzi zituzten parte hartzaileek.

Bigarren edizio honetako 12 argazkilariak Erandio, Sopela, Berango, Leioa, Algorta eta Gorlizko profesionalak eta zaletuak dira: Aitor Galbarriartu, Fede Merino, Iker Basterretxea, Elker Azketa, Willy Uribe, Sara de Diego, Nagore Ayo, Juan Gomez, Natxo Pedrosa, Eduardo Camino, Luis de Isusi eta Peru Isasi.

Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izan du; eta bi kategoria izan ditu: bata, labur-laburra (160 karaktere gehienez) eta, bestea, laburra (100 hitz gehienez). Testuak euskara batuan edo edozein euskalkitan egon zitezkeen idatzita, eta argazkietako batean egon behar ziren oinarrituta. Edozein testu mota, hau da, prosa, olerkia, bertsoa, haikua…, onartu da. Testuak bidaltzeko, parte-hartzaileek sms-a, whatsapp-a edo posta elektronikoa erabili dute.

Argazkietan oinarritutako II. testu laburren lehiaketa honetara lanak bidaltzeko epea maiatzaren 1etik ekainaren 15era bitartean egon zen zabalik. Denbora-tarte horretan, guztira, 90 parte-hartzailek (iaz 81) bidalitako 120 testu (iaz 108) jaso ziren. Parte-hartzaileak Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako 26 herrikoak izan dira.

Erakusketa

Testu horiek guztiak Irati Goikoetxea eta Jokin de Pedro epaileek aztertu eta baloratu ostean, testurik onenak aukeratu zituzten argazkien ondoan erakusketa honetan egoteko. Horretaz gain, kategoria bakoitzeko irabazle bana izan da eta 200€ jasoko ditu. Erakusketa hau, hemen, Erandion hasi eta Uribe Kostako herrietan egongo da datozen hileotan. Jasotako testu guztiak Interneten ere agertuko dira.

Informazio gehiago www.egizu.org/literatura/argihizkiak helbidean, argi.hizkiak@gmail.com posta elektronikoan edo 685 732 963 telefono zenbakian.

Ohar honen hedapena eskatzen dizuegu.
Aldez aurretik,beti eskaintzen diguzuen arreta eskertzen dizuegu.
Begirunez, Egizu Getxo euskaldun elkartea eta UK aldizkaria.