Uribe Kostako talaiak

Uribe Kostako talaiak

Sasitalaiero talde batekoek hiru behatokitatik begiztatu dugu gure itsaso ederra. Taldean ibiliz gero ez da erraza lehengo talaieroen bakardadea ulertzea, baina bertan egonda eta azalpen egokiak entzunda hurbildu ahal izan gara itsasbazterreko jarduera garrantzitsu horretara.

Oso informazio baliotsua jakinarazi nahian, kostaldeko leku estrategikoetatik seinaleak egiten zituzten talaieroek: kea, banderak, kanpaien, kanoien edo suzirien hotsa… Kontuz, ordea! Sarri ez baitzen komeni ondoko herrietakoek informazio horren berri jakitea.

Hauek dira egin ditugun geldialdiak:

-Talaganeta.
Handik, Sopelako antzinako arrantzaleei zenbait berri emango zitzaien: ekaitza zekarrenean kalara itzuli beharra, arrain sarda edota bale galduren bat han inguruan zegoela…

Gainera, Bilboko (eta Santoñako) portuen sarrerak ikustatzen ziren. Ontziek ekarritako salgaiak (zerealak, gatza, babak…) erosteko aukerarik onenaren zain egoten zen jendea. Zenbat eta jenero gehiago porturatu orduan eta prezio merkeagoa ordaindu behar bertan.

-Talaia etxea.
Toponimo garbi-garbia Barrikako etxe honek duena. Etxeko biztanleak talaiaren arduradunak izango ziren. Plentzia hiribilduko itsasadarraren gainean egotean ei datza bere garrantzia. Izan ere, 1694an Barrikako, Gorlizeko eta Plentziako udalek akordioa sinatu zuten udalen arteko talaia-sistema finkatzeko. Sistema horretan Plentziako merkataritzari buruzko abisuak ematen zizkioten hiru herriek elkarri.

Gorlizko Kukulu talaia

Gorlizko Kukulu talaia

-Kukulu.
Gorlizen dagoen begiratoki zoragarria. Talaiero-lanak Kukulu etxekoek egiten zituzten. Talaia-sistemaren parte izanda, Plentziako portuaren mugimenduak kontrolpean edukitzen ahalegindu behar zen Kukuluko talaieroa ere. Hala nola Somorrostrotik ekarritako burdin minerala edo sasoi bateko kortsarioen joan-etorriak.

—————————-

Talaieroak

Talaieroak

Eskerrik asko parte hartzaile guztiei, eta bereziki Xabier Alberdiri bere azalpen zoragarriengatik, Iñaki Vidali kronika honegatik eta Victoria Bengoari eta Josu Larrañagari argazki ederrengatik.