Urriaren 19 eta 20an egin dugu alforjekin gure lehen bidaia. Luze ibili gara honen prestaketan, batez ere, zelan ez, David ibili da tropeletik tiraka, ibilbideak diseinatzen, aterpea eta afaria lotzen… Asteburuan gozatu eta orain kronika iritsi da, Iñakik testua idatzi du eta argazkiak Davidek. Eskerrik asko eta on egin!

Izenen erronda egiten

Izenen erronda egiten

EGIZU TALDEA TXIRRINDULAZ

Getxo – Turtzioz – Balmaseda

2013ko urriaren 19an eta 20an Getxoko Egizu Berbalaguneko txirrindulari taldekoek irteera ederra burutu genuen Enkarterrietako errepide, bidegorri, bide berde eta mendiko bidexketatik.

Larunbateko 9:00etan abiapuntu izan genuen Bizkaia zubipean, Portugaleten. Hantxe, eta pixka bat beranduago lau bilbotar gehiagorekin, 20 txirrindulari nekaezin elkartu ginen abentura txiki eta polita abiatzeko prest. Gutariko hamabik alportxekin kargaturik generaman gure montura, asteburu osoa pedalkadaz osatzeko, eta David antolatzaileak prestaturik trebetasun handiz. Beste zortzi txirrindulari egun zoragarri ere izateko irrikan zeuden, haien artean urte bateko haurra zegoelarik. Mendebalderantz abiaturik Hego haizearen hegal zabalak alde eta atzetik jotzen gintuen, Ortuella, Gallarta eta Muskizko bidegorria atzean geratuz. Orduan, Berbalaguneko arduradun familiak (aita, ama eta txikiak) eta Aitor “zuzendari” berria (ongi etorri), lan desberdinak zirela eta, agur esan behar izan zuten tropelari itzulerako bidea harturik.

Alforjalariak

Alforjalariak

Galdameserako bide berdeak bere babesa eskaini zigun haize bortitzaren kontra. Hamaiketako ordurako Atxuriagako taberna berrira heldu ginen. Kafeak, pintxoak eta abar jan ondoren, eta beste bi lagun gutxiago, Sopuertarantz. Mercadillo, Olabarrieta, Alen, eta Traslaviñan bide berdea utzirik, errepidetik jarraitu eta berehala Villaverde. Eta gure lehenengo helmugara helduak ginen bazkaldu baino lehen, Turtziozeko aterpean, 50 km egin ondoren.

Bazkaldu eta gero, eguneko azken bi laguntzaileek agur esan ziguten. Alportxak kendu eta eroso bizikletetan, taberna zahar bateko kafe berezia edan genuen. Panoramixen edabe magikoa balitz, aldapan gora abiatu ginen Armañon mendiaren bila. Bidexketan gora, kurba eta errebueltak, pinu eta eukaliptoak atzean utzirik, bazkariaren liseriketa aldrebestuarekin, neska eta mutil esfortzatuak izerdiko tantak zenbatuz, mendi tontor berdera heldu ginen. Karrantzako harana zabaltzen zen gure begi nekatu eta harrituen aurrean. Zelako ikuspegi ederra! Eskerrik asko David haraino eramateagatik! Eta idazten duenaren gurasoak karrantzarrak izanik, harro sentitzeko parada izan nuen momentu horietan. Jaitsiera azkarra egin ondoren Buen Sucesoko Ama Birjinaren auzora jo genuen, zezen-plazara. Bitartean, gutako neska batek nahiago izan zuen paisaiaz gehiago gozatu eta Sopeñako basotik galduta ibili ondoren, bi zaldun haren bila joan, artaldera itzuli zen. Denak batuta berriro, Turtziozeko aterperako jaitsierari ekin genion. Txirrindularien egarri izugarria asetzeko asmoz herria zeharkatuz, eta Gordon mendi gogorreko igoera egin ala ez pentsatzen genuen bitartean, Enkarterriko garagardoen erdia edan genuen. Gaua zetorrela eta, dutxaren aukera nahiago izan genuen, eta asmatu ere. Nekaturik geunden, benetan. Afaria Villaverdeko jatetxe batean izan zen. Bapo-bapo afaldu eta edan genuen. Pozik eta aseturik, lotara joan ginen. Batzuk literetan sartu eta seko geratu ginen zurrunka. Beste batzuk, terrazan izar eta ilargi azpian nahiago izan zuten Morfeoren besoetan geratzea.

Igandean, presarik gabe, tropela poliki-poliki joan zen altxatzen, batzuk gosaria prestatzen zuten bitartean. Aterpea txukundu genuen eta abiatzeko prest jarri ginen. Larunbateko kide bat trenez Bilbotik etorri zen, hamahiru ginen ordurako. Baina nora? nondik? noiz? Azkenean Sopuertako errepidea hartu genuen. Harritzekoa izan zen ikustea zenbat karrerista ibiltzen diren igande goizetan errepide horietatik. Ehunka aurreratu eta gurutzatu gintuzten! Ziztu bizian Mercadillon geunden eta Beziko portua igo genuen gaztainondoak atzean utzirik, asko kostata ere. Beziko elkartean hamaiketakoa harturik, eta indarrez berriturik, Erdi Aroko Balmasedarantz jo genuen. Jaiak ziren. Lasterketa arinen Kadaguako zubi famatuaren azpian ginen txakolin freskoa edaten. Bazkari gozoa jan ondoren jatetxe dotore batean, ibai ertzetik doan bidegorria hartu genuen, etxerako bidean. Hasieran poliki. Tuturutuuu! Erreleboak, esprintak, txirrindulariak zoraturik aurrera eta atzera begira, alportxen pisua ahazturik, berehala Alonsotegira heldu ginen. Sentsazioak, hurrengo planak, argazkiak, agurrak, presak, … Norbera bere mundura itzuli zen. Hurrengo astelehena lan egin behar (batzuk, zoritxarrez langabezian, ezin). Baina oso zapore gozoarekin buruan, asteburu ederra igaro genuen.

Talde osoa alforja asteburuan

Talde osoa alforja asteburuan