Aspaldiko laguna dugu Hasier Rekondo, gure yoga irakaslea. Eta 10 urte egin direnez gure yoga-taldearen ibilbidea hasi zenetik Hasierri galdera pare bat egitea pentsatu dugu, denok apur bat hobeto ezagutzeko nor den eta ze lan egiten duen gure yoga taldean. Getxon gurea da euskaraz funtzionatzen duen yoga talde bakarra (guk dakigula), eta urtero hogei bat lagunek hartzen dute parte, hasiberri zein esperientziadunak. Interesa baduzu, badakizu nora jo!

Hasier Rekondo / Argazkia: Joseba Barrenetxea

Hasier Rekondo / Argazkia: Joseba Barrenetxea

Aurkeztuko al diguzu zeure burua lerro batzuetan
Gernikan jaio nintzen baina izatez bermeotarra naiz, Urdaibaiko Erreserba dut abiapuntu munduan zehar bidaiatu ahal izateko. Gauza guztien gainetik bilatzailea naiz. Yoga eta literatura maite eta jorratzen ditut. Egun, besteak beste, literatur iruzkingintzan dihardut “Berria”n eta Koult.es literatur aldizkarian. Bilaketan dihardut yogak eskaintzen dizkidan tresnak erabiliz. Gozatzea eta bizitzea ditut zaletasun, esparrua edozein dela…

Nola hasi zinen yoga egiten? Eta zergatik? Zer harreman duzu gaur egun yogarekin?
1993an ekin nion yoga ibilbideari, betiko kontuak eraginda egin ere: ez nion existentziari arrazoirik aurkitzen, egoaren trikimailuetan galduta nonbait. Hortik aurrera, beste begirada bat aurkitu nuen. Barne begirada, nire barneari begiratzearekin nahiko nuela hain zuzen. Yogarekin dudan harremana guztiz betea da, yoga nire bizitza da eta nire bizitza yoga da.

10 urte daramatzazu Egizuren yoga taldean. Zein balorazio egiten duzu?
Hitzak guztiz mugatuak geratzen zaizkit Egizurekin sortutako taldearekin dudan harremana laburbiltzeko. Bide berri bat zabaldu dugu denon artean euskaraz harrotasun eta konplexurik gabe bizitzea posible dela esperimentatzeko. Euskarak eskaintzen dizkigun aukera guztiak profitatu ditugu lagun artean kontzienteago izateko, geure buruaren jabe eginez, jabetuz…

Eskerrik asko, Hasier, eta om shanti.