Bizikleta-taldeko kideak Billaon

Bizikleta-taldeko kideak Billaon

2013ko azaroaren 23ko txangoaren kronika duzue hau, Gemak egindakoa. Eskerrik asko, Gema, eta ondo etorri taldera! argazkilariari ere, eskerrik asko. Abenduko irteera laster iragarriko dugu, eta urtarrilerako bizikletaren mekanika-ikastaroa antolatzen ari gara. Animatu eta parte hartu!

Azaroko bizikleta-irteeraren kronika

Aste osoa euripean pasa ondoren, larunbaterako iragarrita zegoen eurixka ez zen aitzakia izan huts egiteko. Beraz, zira hartuta, 16 lagun elkartu ginen 9:15ean Fadurako aparkalekuan, guztiok bizikletaz ibiltzeko gogo handiarekin. Ingurutik nahiz urrundik etorritako lagunak agurtu, aurpegi berriak aurkeztu, eta bidegorria hartu genuen.
Algortatik abiatuta, Larrabasterraraino berehala iritsi ginen eta han bidegorria utzi genuen. Sopelako frontoi-rokodromora abiatu ginen, artaldea osatzeko azken ardiarekin elkartzeko asmoz. Hamazazpigarrena heldu zenerako, bikote bat joanda zen bere bila, baina Urdulizko pilotalekura… Haiekin adostu genuen aurrerago bilduko ginela, eta hamabostok eutsi egin genion ibilbideari. Momentuz tantarik ez, baina zerua ilun-iluna jartzen hasi zen eta oraindik kilometro batzuen faltan ginen.

Bidegorrian

Bidegorrian

Aldapa baten igoera eta jaitsiera gozagarri baten ondoren, Plentzian sartu ginen eta han, azkenean ere, denok elkartu ginen, berriro ez banatzeko asmoz… (eta hala izan zen, azken kilometroak arte). Plentzia zeharkatuz, Gorlizko badiara abiatu ginen. Kanpotarrek hondarra zapaltzeko aukera izan zuten, hori bai, gurpilez eta ez oinez… Handik, itsaso-mailatik, 122 metrotara igo behar izan genuen, errepide txiki batetik, Billao itsasargiraino. Aldapa gogorrik ez, eta ingurua oso polita zen, baserri batzuk eta belardi berdeak. Bat batean, bertan zegoen zaldi beltza guregana etorri zen lauoinka, ikusteko pozez, edo jakin-minez, auskalo!

Billao itsasargirainoko errepidearen azken kilometroak paisaiaz gozatzeko modukoak dira: itsasoa, zerua eta mendia besterik ez da ikusten. Pasabidea oztopatzen zuen lur-jausia gaindituta, itsasargiraino heldu ginen. Han hamaiketakoa hartu genuen (fruta, barritak eta sasoiko lehen polboroiak), eguzkitan, sugandilak bezala. Bai, busti gabe eta gainera eguzkia!! Talde-argazkia atera eta berriro Plentziara jo genuen, maldan behera lehengo errepidetik.

Plentziatik Barrikara, eta handik Urdulizeraino, hirugarren mailako errepidetik. Sopela inguratu genuen eta Barinatxe (Salvaje) hondartzako amildegian kostaldeko pasealekua hartu genuen. Eskuineko bideak tentagarriak dira, baina lokatzaz beteta zeuden eta ordurako oinezko gutxi zebiltzan, beraz pistatik joan ginen. Azkorrin baten batek ura hartu zuen eta abiatu ginen Aixerrotaraino. Han berriro artaldea banandu zen: batzuk zuzen etxera joan ziren, beste taldetxo bat zuladura bat konpontzera gelditu zen eta gainontzekook Fadura Kiroldegira joan ginen dutxa hartzera… aurrerago ibiltari jatorrenen etxera bazkaldu ahal izateko! Mila esker!

Azkenean oso goiz polita pasa genuen lagun artean, eta tanta txiki batzuk baino ez zituen bota, konfiantzaren saria zorte ona da eta…